Euskaltegietako ikasleak, Antxoko Azpeitia kirolak dendan
Zerbitzua euskaraz eskaini ahal izatea kalitatearen adierazle da merkataritzako establezimenduetan, merkataritza bultzatzeko ez ezik, bezeroak erakartzeko tresna ere izan daitekeelako euskara.
Horretaz jakitun, Pasaiako Udalak herriko merkataritzaren alde eta euskararen alde dituen programen barruan merkatariei euskara doan ikasteko aukera emango die, merkatarien ordutegira egokitzen den metodologia erabiliz.
Ez geratu atean, sartu kalitatean euskaraz kanpainaren barruan kokatu behar da eskaintza. Pasaiako 60 establezimenduk baino gehiagok egin dute bat udalak eta Laurak Bat merkatarien elkarteak elkarlanean garatu duten kanpainarekin.
Abantailak
Izena ematen duten merkatariek euren beharretara egokitzen den prestakuntza-programan parte hartuko dute, urrian hasi eta ekaina bitartean. Astean lau orduko autoikaskuntza programa eskainiko diete, online eta nork bere establezimenduan egiteko modukoa.
Euskara irakasleak astean behin bertaratuko dira ikastaroan izena ematen duten merkatarien establezimendutara, asteko betebeharrak elkarrekin gainbegiratzeko. Horrez gain, merkatarien taldeak astean behin euskaltegian ahozko mintzaldia landuko du, ordu eta erdiko saio batean.
Programan parte hartuko duten merkatari eta establezimenduek kanpainaren bereizgarria jarri ahal izango dute beren soltokietan, eta bereizgarri bera daramaten poltsak doan jasoko dituzte; taberna eta jatetxeek, aldiz, paperezko ezpainzapiak izango dituzte.
Modu berean, udalak hedabideetan eta sare sozialen bidez jakinaraziko du zein dendak ari diren parte hartzen programan, informazioa hedatuz, eta eskoletako eta euskaltegietako ikasleei bisitetarako programak antolatuz.
Ikasturtea doakoa izan dadin, merkatariek %85eko asistentzia gainditu beharko dute, eta hala izatekotan matrikularen zenbateko osoa –116 euro– itzuliko diete.
Baldintzak
Programan parte hartu ahal izateko, merkatariek bi baldintza bete behar dituzte: Establezimenduko errotulu nagusiek euskaraz egon behar dute eta euskara ikastaroan modu aktiboan parte hartu behar dute.