Errenteria-Orereta
Erabakitzeko eskubidearen aldeko urrats handia eman nahi du etzi Gure Esku Dago mugimenduak, Anoetako estadioa betez. Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Baionan, bost hiriburutan hautetsontzi erraldoiak eraiki nahi dituzte, milaka herritarrek azken hilabetetan prestatutako oihalekin.
Gipuzkoan, Anoeta da jendez bete nahi dutena, eta betetzen ari dira, baina oraindik aulki asko daude hutsik eta antolatzaileak urduritzen hasiak dira. Anoetarako sarrerek 10 euro balio dute eta 5 euro 14 urtetik beherakoenek; 0-2 urtekoek ordaindu behar ez duten arren, txartelik gabe ezingo dute sartu. Azken aulkia betetzeraino salduko dira sarrerak, baina Oarsoaldean eta Bidasoan gaur bukatu nahi dute lan hori. Horregatik, arin ibiltzeko eskatu dute, «igandeko antolakuntza lanetan traba ahalik eta txikiena eragiteko».
Mikel Leitza oreretarrak koordinazio lanetan dihardu. Asteartean Gipuzkoa mailako bilera egin zuten Tolosan eta biharamunean balantzea egin zuen: «Anoetarako sarreren erdia saldu dira», erdi betea, baina erdi hutsa. Errenterian, Maria Lezo kalean jarri dute denda eta sarrerak erosi nahi edo zerbaitetan lagundu nahi duenak, bertatik pasatu behar du. «Erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa da, edozein kolore edo ideologiak babestu beharrekoa», adierazi du oreretarrak.
Leitzaren herrikideei antolakuntzan jardutea egokituko zaie etzi. «150 lagun bilduko gara, oreretarrak eta oiartzuarrak, barretan, txartelekin, segurtasunean…». Orotara, 2.500 pertsona ariko dira igandean Donostian boluntario bezala.
Oiartzunen, katalanak
Hilabeteak daramatzate lanean Oiartzunen. Dagoeneko 75 oihal jaso dituzte, eta gaur arratsaldean aurreikusitako kopurura iritsi nahi dutela esan dio Jexux Olaziregik Oarso Bidasoko Hitzari. Helburu horrekin aterako dira oiartzuarrak Done Eztebe plazara, 19:00etan. Txartelak erosteko aukera izango da plazan, baita Fermiñene Etxeko dendan, 17:00etatik 20:00etara.
Bihar, kalejira egingo dute, Haurtzaro Ikastolako eta Kataluniatik etorri diren lau dantza talderekin. Kataluniarrak Anoetan dantzatuko dira igandean, eta hogei bat oiartzuar ere izango dira estadioko ekitaldietan parte hartzen, danborra joaz.
Oiartzun
Olaziregik azken esfortzua eskatu die herrikideei, txartelak erosteko eta «igande eguerdiko oihal katean parte hartzeko». Urumeako sei zubiak oihalez atondu nahi dituzte etzi. Oarsoaldeak bigarren zubia jantzi behar du, tren geltoki parekoa, eta Bidasoak seigarrena. 11:30ean egon beharra dago han, eta 12:00etan zabalduko dituzte oihalak.
Pasaian, egiteko asko
Herri guztietan dabiltza larri. Pasai Antxon, esaterako, ez dira aurreikuspenak betetzen ari, Birginia Ortegak baieztatu duen bezala: «Poliki ari gara, eta txartel asko ditugu oraindik saltzeko». Pailazoen saiorako txartelak Dani tabernan dituzte, eta Leundan, Urdin liburudendan eta Patxi estankoan, Anoetakoak. Antxon ez ezik, Pasaiako beste barrutietan ere aulki asko dituzte jaberik gabe, baita elastikoak ere. Trintxerpen eta San Pedron, Lema eta Sonesa saltokietan eta Erdibana, Trintxer, Dax, Antxeta, Begihaundi eta Juanito tabernetan eros daitezke.
Gainera, jendearen erantzun eskasagatik danborren ekimena bertan behera utzi dute Antxon. Anoetan egin behar den ekitaldian parte hartzekoak ziren Antxoko danborrariak, baina ezin izan dutenez 40ko taldea osatu, ez da antxotarrik izango Anoetan danborra jotzen.
Lezon ere ez dituzte oraindik sarrera guztiak saldu. Kioskoa eta Tiñelu dira erosteko lekuak eta bertako taldeak jakinarazi duenez, boluntarioak ere behar dituzte etzirako.
Bidasoan 110 oihal
Oarsoaldean bezala, Bidasoan ere geratzen dira txartelak saldu gabe. Rafa Gonzalezek Hitzari esan dionez, Irunen premia handia dute: «Une honetan txartelak saltzea, eta batez ere kamisetak saltzea da behar duguna, gure diru iturria baita hori, igandeko gastuak ordaintzeko». Erletxean lor daitezke, arratsaldez; gaur, 20:00ak arte behintzat egongo dira.
Gazta zati bat dokumentala ikusten erabaki zuen Gonzalezek mugimenduan sartzea: «Liluratuta geratu nintzen eta zera esan nuen, lagundu behar dut, sinesten dudalako. Sinesten dut gure eskubidea dela, eta lortuko dugula, egun batean bozkatuko dugula gure etorkizuna».
Hondarribia
Hondarribian hobeto joan zaie. Iazko abenduan hasi ziren mugitzen eta duela hilabete oihal guztiak jasota zituzten, 50 orotara. Hondarribiko taldeak mila herritar mugiarazi ditu, eta Begoña Jauregiren esanetan sarrerekin ere nahiko ondo dabiltza. «200 eman zizkiguten, ez dira asko, eta oraindik baditugu batzuk. Anoetarako ondo ari dira saltzen, Illunberako gutxiago». Olagarro abesbatzako kidea da Jauregi eta herriko beste koru batzuetako kideekin batera, igandean abestea tokatuko zaio. 200 laguneko abesbatza osatuko dute Anoeta estadioan, 40 hondarribiar tartean.
Hondarribian egunero ari dira informazio mahaia jartzen, 18:00etatik 20:00etara, San Pedro kalean. Gaur ere han izango dira, hutsik egin gabe.
Oarso Bidasoak arrastoa utzi du GEDn
Irungo Ficoban hasi zuen Gure Esku Dago-k bere bidea, 2013ko ekainaren 13an. Ez da denbora luzea pasa ordutik, baina herritarrengan arrastoa utzi du mugimendu gazteak, batez ere iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean eskuak emanda 123 kilometroko giza katea osatu zuten herritarren artean.
Baina mugimenduak herritarrengan marka utzi duen bezala, herritarrek bere ekarpena egin diote Gure Esku Dago-ri. Ficobatik hasita, eta igandean Donostian zerbaitetan parte hartzen ariko direneraino, asko izan dira bi urteko ibilbide oparoan mugimendua egonkortzen lagundu duten oarsoar eta bidasoarrak.
Zenbat alditan entzun ahal izan da Gure Esku Dago-ren abestia? Asko, seguru. Eñaut Elorrietak eta Kepa Junkerak idatzi zuten musika, eta Kirmen Uribek jarri zion letra. Baina jende asko dago abesti horren atzean, horien artean Juan Mari Beltran oiartzuarra txalapartarekin, eta atalaba eskuetan, Xabier Esnaola antxotarra eta Josu Berra oreretarra. Berraren herrikide den Mikel Markezek laguntzen du koroak eginaz. Eta bideoklipean, besteak beste, Hondarribiko arrantzaleak eta Illunbeko arraunlariak ageri dira.
Zabaltzea, denon esku
Jende zoriontsua herri libre batean da Gure Esku Dago-ren abestiaren goiburua, eta horixe izan zen iazko giza katean bizitu zena, jende zoriontsua herri libre bat ia-ia eskuko hatzekin ukitzen. Giza-kateak eman zion mugimenduari egun duen dimentsioa, horretan milaka herritar elkartu ziren. Oarsoaldetik eta Bidasotik 4.000 emakume eta gizon batu ziren giza-katera, 8.000 esku.
Bidasoko eta Oarsoaldeko herri guztietan aritu ziren jo eta su lan horretan, denetan egin zuten ahal zena baino gehiago. Lezon, Aritz Salamancak eta Ander Domingok Youtuben 4.000 bisitari baino gehiago pilatu dituen bideoa grabatu zuten; adarraren hotsaren laguntzaz, herri guztia mugiarazi zuten, Zabarre pirata eta Trapujale barne.
Oiartzunen beste abesti bat asmatu zuten; Beira taldeak egin zuen Jon Martinen bertsoekin. Gure Esku Dago-ren Hondarribiko taldearen aurkezpenean estreinatu zuten, iazko martxoaren 8an, Banako tabernan.
Iganderako ere
Hondarribiarrek egin dute azken ekarpen ikusgarrietako bat, maiatzaren 30eko Joste Egunean. Etzi hautetsontzi erraldoiak eraiki behar direnez, beraiek ere eurena egin zuten. Hondarribiarren erabakitzeko eskubidea irudikatu zuten horrela, bozkatzeko papertxo erraldoi eta guzti.