"Koldarkeri mota asko ukitu ditut nobelan"
Aritz Gorrotxategi idazleari elkarrizketa
“Diskurtso bat dugu kanpora begira, baina gero beste gauza batzuk egiten ditugu” “Euskal Herriaren kasuan, urte askoan, libururik irakurriena biblia izan da”Adinean aurrera egin ahala, gazte garaian pentsatutakoak galtzen omen direla ere esan duzu. Bigarren zatian ikusten da hori oso ondo. Lehenengo zatiaren eta bigarrenaren artean 15 edo 20 urteko aldea dago, eta ez da inongo azalpenik ematen, amaitzen da lehena eta hasten da bigarrena. Batez ere aldatu dena hori da, garai bateko ilusioa eta gauzak aldatzeko gogoa erabat lurrundu dela, eta protagonista askoz ere pragmatikoagoa bihurtu dela. Islatzen da ere askotan gu geu sinestera iristen garela geure gezurrak, eta uste dut protagonistak berak, halako zerbait egiten duela erosogo zaiolako pentsatzea bere bidea eta bere pentsamendua koherentea dela. Erabat inkoherentea da, ordea; gertatzen dena da berak bere orduko posizioa sinetsi eta justifikatzen duela. Egindako errelatoaren kontrapuntu gisa ere aurkeztu duzu zure liburua… Nik uste dut ezinezkoa dela errelato bat egitea, bakarra. Hasteko, norbaitek idazten duenean jada bere bertsioa kontatzen ari delako, baldintza batzuk ditu, orokorrean dialektika mailan behintzat bi parte azaldu izan dira beti, estatua eta ETA, eta nik uste dut beste gauza asko ere gertatu direla, horrekin zeharka zerikusia badutenak. Nobelan azaltzen diren pertsonaiak ez dira biktimak, ez dira ETAko kideak izan, ez dira lehen lerroan egon… Bigarren edo hirugarren lerroan izan dira eta gatazka eztabaidaren mailan bizi izan dute. Polita da ikustea orain arte ikusi ez dugun gauza bat, lehen lerroan ez zegoen jendeak zer egiten zuen, zer erabaki hartzen zituen, zein joera zeuzkan… esango nuke interesa hor dagoela, ez delako hainbeste landu gaia ikuspuntu hortatik. Bederatzigarren liburua duzu honakoa. zenbat denbora eman duzu idazten? Prozesua nahiko azkarra izan dela esango nuke, sei hilabetekoa. Batez ere eleberriaren arazo nagusia tonoa eta giroa topatzea zen. Ipuinean topatu nuenez, idazten hasi eta jario errazeko nobela izan da. Poesia, narrazioa, nobelak, autofikzioa, ipuinak… Non sentitzen da Aritz gusturago? Nik uste dut denetan sentitzen naizela eroso. Nire poesiak ez du zerikusirik nire prosarekin eta poesiara jartzen naizenean oso argi daukat beste zerbait egin behar dudala. Zein izan da liburua idazterakoan izan duzun zailtasunik handiena? Zailtasuna izan zen urteetan izan dudala buruan garai horren gaineko zer edo zer idatzi nahi nuela. Paragrafo batekin hasi, pertsonai batekin hasi… eta ez ninduen asetzen egindakoak. Urteetan koma egoeran izan da, eta halako batean esnatu da. Bat-batean ikusi nuen tonoa aurkitu nuela eta esan nuen, ‘hau da bidea’. Irakurzaletasunik ba al da euskaldunon artean? Nik uste dut orokorrean ez dagoela gehiegi. Saiakera bat egin da ikastetxeetan irakurzaletasuna sustatzeko, baina ez dakit hori ote den bidea. Esaten dena da inportanteena dela zaletzea, berdin da zer irakurtzen duten, baina zaletasuna da gakoa. Matematikekin ez dugu gauza berbera pentsatzen, deribatuak, integralak… horiek guztiak ikasi behar dira. Literaturan halako utzikeria egon da, orduak kendu zazkie humanitateei eta jendea ez dago oso kezkatuta horiekin. Euskal Herriaren kasuan urte askoan libururik irakurriena biblia izan da. XIX. mendean Frantzian Madame Bobary eta Errusian Anna Karerina idazten ari ziren bitartean, hemen Garoa-rekin ari ginen. Azken 40 urtean hasi gara, kanpotik zetorrenari kontra egin beharrean, hura kopiatzen eta moldatzen. Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eta Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua horren erakusle dira. Gaur egun momentu ona da eta euskarazko literaturak gauza asko eta txukunak ditu, baina ez dugu asmatzen, ez dago interesik, eta uste dut ez garela lortzen ari espero genuena. Zergatik irakurri behar du jendeak Koldar hutsa zara? Nobelan kontu asko agertzen da orain arte ez direnak sarritan aipatu. Ez nuke esango tabu, baina gauzataz naturaltasunez hitz egiten dut, umorez, dibertigarria da eta batez ere gogoetara bultza dezakeen eleberria da.