Urteak mailaz igotzeko borrokan aritu eta gero, helburua lortu dute Oiartzun Kirol Elkarteko emakumeek; Lehen Mailan aritzeak errespetua ematen die, gogorra izango da, baina gogo biziz daude esperientzia hori bizitzeko.
Harrera ofiziala egin zieten udaletxean joan den larunbatean. Ekitaldia bukatuta balkoira atera ziren jokalariak
Hasiera batean foku guztiak alor ekonomikoari begira jarri baziren ere, orain «gutxien» kezkatzen dituena da. Oiartzungo Kirol Elkarteko talde nagusiko emakumeak Lehen Mailan arituko direla errealitate bat da.
«Bere momentuan alor ekonomikoa kezkatzekoa zen, baina klubetik esan dugu alde humanoa oinarrizkoa dela. Salto kualitatibo bati buruz ari gara, entrenamendu gehiago, hamabostero bi eguneko bidaia bat eta batzuetan gehiago ere…», azaldu du Oiartzun Kirol Elkarteko (OKE) presidente Koldo Fernandezek. Mailaz igotzeak ekarriko dien aldaketa bakarra entrenamenduena izango da soilik, «bestela ez da ezer aldatuko». Hori izango da «soilik», baina egokitu beharrekoa Maitane Toledo taldeko prestatzaile fisikoaren hitzetan: «Orain arte hiru entrenamendu egiten genituen eta orain lau-edo egin beharko ditugu. Hala ere, ez dugu erotu behar, jendeak lan egiten du eta ez dago horretara ohitua. Aparte, ez gara honetaz bizi eta bizitza dugu honetaz aparte. Bestela urtarrila iritsiko da eta denak erreta egongo gara. Oreka bat aurkitu beharko dugu. Momentu hauetan horretan ari gara, pentsatzen nola egin genezakeen».
Lehen Mailan taldeen egoera ez da berdina izango, batzuek profesionalak dira, besteak beste. Taldea profesionalizatzea ez dago OKE-ren asmoen barruan: «Lan kontratuak egiteaz gain, Gizarte Segurantzan alta eman behar da. Guri hori ez digute exijitzen, klub bat garelako eta ez kirol elkarte anonimo bat. Alde horretatik, beraz, ez dugu inongo arazorik».
Taldea indartzen
Hurrengo denboraldiari begira, taldea indartzeko pausoak ematen ari dira klubetik. Altaren bat egongo da, baita bajak ere, ordea. «Baja horiek kokatu egingo dira, neskak hala nahi badu behintzat. Oraindik hitz egiten gabiltza eta ezin dugu ezer aurreratu momentuz; federazioan legeak nola dauden begiratu behar dugu modu batera edo bestera egiteko. Horrez gain, Realak jokalari bat eskatuko digu eta beste bat aurre denboraldirako», adierazi du Fernandezek.
OKEko beteranoek harrera egin zieten jokalariei
Taldea indartzea garrantzitsua iruditzen zaio Toledori, urtea luzea delako, beste maila batean jokatuko dutelako, lesioak egon daitezkeelako eta lana egiten duen jendeak batzuetan ezingo duelako egon. Entrenatzaile lanetan, baina, pertsona berak jarraituko du, Jon Alkortak.
Ametsa egi bihurtuta
Alazne Inziarte jokalari eta taldeko kapitainarentzat denboraldi hau «oso polita» izan da, giro aldetik zein emaitzen aldetik. Hamabost urtetako amets bat egi bihurtu dela sentitzen du: «Oiartzunekin Lehenengo Mailan jokatzeko aukera izatea izugarrizko ohorea da».
Maila aldaketak «exijentzia oso handia» ekarriko duela argi du Inziartek, erritmo aldetik eta kontzentrazio aldetik: «Partida oso zailak izango dira eta bakoitza final bat bezala jokatu beharko da. Bidaia luzeak egin beharko ditugunez ere buruz gogor egon beharko dugu denboraldi guztia erritmo horretan ibiltzeko, gehienak astelehenean lanera joan beharko dugu eta».
Toledo zein Iziartek hurrengo denboraldia polita imajinatzen dute, baina gogorra aldi berean. «Oraintxe ilusioz beterik nago, baina badakit hurrengo urtea denentzako oso zaila izango dela. Partidak galduko ditugu —denboraldi honetan ez dute partida bakar bat ere galdu, lau berdinketa izan dituzte eta gainontzeko beste guztiak irabazi egin dituzte—. Momentu horietan garrantzitsua izango da aurten izan dugun giroa mantentzea eta familia bat garela erakustea; gauzak zailtzen direnean elkarrekin egotea eta denak norabide berean joatea», adierazi du Inziartek. «Gogorra izango da, hori argi dago, baina azkenean gure helburua hauxe zen, lortu dugu eta ahal dena egingo dugu», azaldu du Toledok. «Izugarrizko gogoa dut denboraldi berria hasteko eta maila berri horretan gu non gauden ikusteko», Inziartek.
Gozatzeko momentua dute orain, egindakoaz gogoratu eta fruitua dastatzekoa. Orain oraingoa eta gero gerokoa.
Nekane Martiarena, futbolari ohia: «Jendeak komentario txoroak egiten zituen; ahoa ixten genien»
Nekane Martiarena
Nola izan zen emakumeen Oiartzungo futbol taldearen sorrera?
Hasieran Oiartzunen auzoetako txapelketak egiten ziren, auzoetako jendeak txapelketa bat jokatzen genuela dut gogoan. Nik Arraguako taldean jokatzen nuen, beste batzuek Iturriotzekoan… eta bazegoen Elizalden taldea Borobil izena jarri ziotena. Horko entrenatzaileak auzoetako batzuei deitu gintuen txapelketa horretan ikusi eta gero, eta herri mailako Borobil taldea sortu zen.
Herri mailako selekzio bat garai haietan!
Iñaki Artola zen entrenatzaile hori. Beti Karla Lekuonaz hitz egiten dugu beti eta ezin zaio bere lekua kendu Oiartzungo talde femeninoan ze ikaragarrizko lana egina da, baina sorrera-sorreran Iñaki Artola dago. Iñakiren alabak futbolean jolasten zuen eta nik uste Iñakik esfortzu handi bat egin zuela bere alabari eta bere lagunei irteera bat emateko. Kinta horretakoek Borobil taldea sortu zuten txapelketa horretarako. Oiartzungo jaietarako txapelketa zen, baina hortxe geratzen zen eta jarraipena emateko nahiko jende ez zegoela ikusita, beste auzoetakoei deitu zigun eta horrela sortu zen.
Iñakik Michelin enpresan lan egiten zuen eta kamisetak hortik ateratzen zizkigun, marra horia zuten kamiseta urdin batzuekin ibiltzen ginen, Michelineko koloreak ziren. Beraunen jokatzen genituen txapelketak eta hortikan Oiartzun Kirol Elkartean sartu ginen eta ordutik Oiartzun bezala jokatzen hasi ginen.
Oiartzun bezala zein izan zen hasiera?
Lehenengo partida hondartzan izan zen, Donostian, Santo Tomas Lizeoaren kontra jokatu genuen eta galdu egin genuen. Gero momentu batzuetan futbol ttikian jokatu genuen futbol handia ez zegoelako eta pixkanaka ekipo gehiago sortzen hasi ziren. Hasieran ez zeuden ekiporik jolastu ahal izateko, duela 35 urte inguruaz ari naiz. Donostiako horretan bi talde bakarrik aritu ginen txapelketan, Santo Tomas Lizeoa eta gu, beraz, zuzenean finala jokatu genuen. Poliki-poliki ekipo gehiago sortzen joan ahala txapelketa gehiago sortzen hasi ziren eta iritsi zen momentu bat Añorgakoek eta guk maila handia genuenez Espainia mailan jokatzen hasi ginela.
Partida asko zenituzten?
Bartzelonaren kontra, Madrilen kontra… hamabostero kanpora joaten ginen. Guk Erregina kopa jokatzen genuen eta gure liga Espainiako Liga zen.
Bidaia horiek egiteko nola moldatzen zineten?
Gurasoei dirua eskatzen zitzaien, Oiartzunek ez zuen dirurik guri dena ordaintzeko eta maila horretan jokatzeko ordaindu egin behar zen. Gogoan dut gurasoei garai hartako 5.000 pezeta eskatu zitzaiela bidaia horiek ordaintzeko: autobusa, lotarako tokiak, janaria… Apustua egingo nuke Karlak eta Iñakik euren poltsikotik kriston dirutza jarriak direla guk aurrera jarraitu ahal izateko. Gero Mamutek babesten gintuen eta gutxienez kamisetak handik lortzen genituen. Gogoratzen naiz ere Beñardo Albisuren anaia Burgosen zegoela apaiz eta hango monasterio batean egiten genuen lo merkeago ateratzeko. Horrelako gauzak.
Partidak nolakoak ziren?
Jendeari komentario txoroak entzun izan nizkion, ‘begira horri nola mugitzen zaizkion titiak’ eta horrelakoak, baina jende askori ahoa ixten genion. Jendeak hasieran ikusten gintuen eta barrez hasten ziren, baina gero jokatzen ikusi eta umiltasun osoz esaten dut ondo jokatzen genuela. Horren adibide dira Espainiako txapeldun izan ginela eta Kopako txapeldun eta jende asko zur eta lur gelditzen zen guri begira. Ez genion inongo inbidiarik mutilei, teknikoki behintzat ez.
Ohorezko Maila irabazi zenutenean, nola gogoratzen dituzu momentu haiek?
Oso esperientzi polita izan zen. Niretzako txapeldun izatea, herrira etorri zen udaletxean harrera horiek dira zure esfortzu baten emaitza bezala. Horrelako herri txiki bat izatea Espainiako txapelduna, hori ikaragarria da. Momentu batean ere suertatu zitzaigun Espainiako finala Astigarragan jokatzea, Añorgaren kontra. Eta hori dena pozik egoteko eta harro egoteko gauza bat da, horrelako herri euskaldun ttiki bat Espainia mailan emakumezko futbolean txapeldun izatea. Handia da.
Non entrenatzen zenuten? Nolakoak ziren entrenamendu saioak?
Astean bitan entrenatzen genuen eta asteburuan partida izaten genuen. Gure entrenamenduak oso gogorrak izaten ziren, bai Karla eta bai Artola zen jende bat guregan asko sinesten zutenak. Hasieran, sorreran, Oiartzunek ez zuen futbol zelairik eta Mamuteko aparkalekua zen gure entrenatzeko lekua. Karroak hartzen genituen ateak egiteko, horiek ziren gure porteriak eta gaur egun gasolinera dagoen tokian entrenatzen genuen. Atzean, industrialdea dagoen horretan, harrizko futbol zelai zahar bat zegoen eta hor jolasten genuen.
Oiartzun Kirol Elkartean ze lan egin du emakumezkoen futbolaren alde?
Oiartzunek asko asko lagundu eta babestu digu. Maila bagenuen eta ondo jolasten genuen batzuk elkartu ginen, emaitzak hor zeuden eta beti asko babestu digu, klubak zein herriak. Dena den, gaurko futbola ezin da lehengoarekin alderatu.
Nola ikusi dituzu Oiartzungo neskak?
Negar ederrak egin ditut! Gaztetako gauza asko biziarazi dizkidate eta 22 urte eta gero udaletxean hor ikustea, beraien poza ikustea, herrian sortu duten ilusio hori ikustea… oso oso polita izan da niretzat.
Beterana bezala eta zuk ere Ohorezko Mailan jokatuta, zer esango zenieke?
Gozatzeko. Futbolean gustura ibili behar da, lagunartean. Gaur egun lehiakortasun ikaragarria dute eta orain mantendu egin behar dute. Espero dut agindu dieten guztia betetzea. Esperientzia hau goza dezatela, betirako geldituko zaie eta.
Zuek ere harrera egin zenieten.
Gazteen eta zaharren arteko partida egin genuen, pankarta bat ere, Amaia Agirrek bertso oso politak abestu zituen. Oso emotiboa izan zen.
Bertsoa
Oiartzungo Kirol Elkarteko talde nagusiko emakumeei jarritako bertsoa, futbolari beteranoek egindako harreran abestua.
Beste behin jardun ondoren
txapeldun haundien pare
klubari ta zuei esker
gera amets honen jabe.
Zuen umiltasuna da
lorpen guztien ondare.
Karlak egindako lana
emaitza denen zutabe
guk ereindako hazia
da lehen mailako landare.
Haurren eredu zarete
segi lanean halare.
Aupa nexkak zorionak
egin topa zuen alde
zuen parte izateaz
oso oso harro gaude
Amaia Agirre
Bertsolaria