Eraso sexista eta sexualik gabeko jaiak aldarrikatzeko protokoloa martxan da
Protokoloa abian jarri du udalak, eta txosna eta tabernetan puntu lila jarriko dute
Herritarrak eraso sexista bat gertatu aurretik, gertatzen ari denean edo gertatu ondoren nola jokatu jakin dezaten protokoloa abian jarri du udalak herriko jaiei begira. Eraso sexistak eraso fisikoak eta bortxaketak izan daitezkeela ohartarazi dute udaletik, baina baita irainak, ukitzeak, edota jazarpena ere. Protokoloa eraso sexistei begira abiatu dutela argitu dute, “horiek direlako gehien ematen direnak”, baina bestelako erasoak ere egon badirela ohartaraziz, eta horietan ere arreta jartzeko eskatuz. Sexua, generoa edo identitate sexuala direla-eta gertatzen diren eraso orori erreparatu nahi die protokoloak. Erasorik gabeko espazioak Txosnetan eta tabernetan puntu lila jarriko dute Hemen ez dugu emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen leloarekin, adierazteko espazio horretan ez dela eraso sexistarik onartzen eta eraso horiek gaitzetsi egiten direla.