Aurkari latza dute aurten San Juanen eta Hibaikaren emakumeen traineruek: Zumaia. Asteburu honetan ere zumaiarren atzetik ibili dira Oarsoaldeko bi traineruak.
San Juan. Argazkia: Baleike.
Hirutik hiru. Zumaiako emakumeen traineruak Gipuzkoako Emakumeen Traineru Ligako hiru estropadak irabazi ditu, eta atzean, berriro, San Juan eta Hibaika izan ditu asteburuan. Atzo jokatu zen Zumaian bertan liga horretako hirugarren proba, eta ez alde handiarekin, baina gorrien esku gelditu zen Zumaiako Bandera.
Erlojupeko proba izan zen atzokoa. Binaka atera ziren traineruak Zumaiako ibaian, ez itsaso zabalean. Hala, lehen ziabogan Zumaiak San Juanek eta Hibaikak denbora okerragoa egin bazuen, hori ez zen erreala, lehen zatia ibaiaren kontra egin zutelako zumaiarrek, eta alde Oarsoaldeko bi traineruek. Bigarren ziabogan jarri zituen denborak bere tokian Zumaiak, eta helmugan ikusi zen denbora erreala: Zumaiak 10:29; San Juanek 10:36, eta Hibaikak 10:38.
Oiartzunek lehenengoz puntuak pilatzeko aukera izan zuen, eta ondo doazela erakutsi zuten urdinek, atzean hiru traineru utziz. Zumaiak, minutu bat baino gutxiagoko aldea atera zien Itsaslapurrei, beraz, ondo doaz.
Emakumeen hurrengo bi estropadak uztailaren 11n eta 12an izango dira. Biak ala biak Gipuzkoako Emakumeen Ligarakoak dira, baita EuskoTren Ligarakoak ere: San Juanentzat, jada sailkatua dagoenez —iaz liga hori irabazi zuelako—, puntuak pilatzeko estropadak izango dira. Hibaikarentzat, EuskoTrenera sailkatzekoak, eta hala balitz, puntuak eskuratzekoak.