Portuko langileen elkarretaratzea, gaur goizean
Prekarietatea albora dadin eskatzeko, eta enpresa eta langileen arteko elkarrizketak berreskuratu daitezen exijitzeko, ordu erdiko lan uztea egin dute gaur goizean Pasaiako Portuko langileek.
UGTk, LABek eta CCOOek egin dute deialdia “hitzarmen kolektiboak berraktibatu daitezen” eskatzeko. Izan ere, sindikatuek diotenez, krisia hasiz geroztik, portuko enpresa guztietan, publiko zein pribatuetan, atzerapausoak eman dira lan baldintzei dagokionez.
Zentzu horretan, LABek iritzi dio “susperraldi ekonomikoan neurriokin jarraitzea betikoei baino ez diela mesede egiten”, eta “Pasaiako Portu lehiakor, profesional, kalitatezko eta etorkizunera begirako bat” lortze bidean bide bakarra dagoela adierazi du sindikatu abertzaleak: “Pertsonalaren formazio egokia eta langile guztiontzako lan baldintza eta soldata duinen eskaintza”.
UGTk, bere aldetik, ebentualak kontratatzen dituzten enpresei beharginei formazio egokia eskaintzeko eskatu die, eta lanpostu finkoak sortzeko diru partidak aurreikus ditzatela, baita lan segurtasunerako prebentzioan inbertitzeko ere.