Madalenetako Kuadrillen Eguna, ohi bezala, hilaren 23an ospatuko dute.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Madalenak hurbiltzen ari dira pixkanaka. Asteartean aurkeztuko dute egitarau ofiziala. Herriko eragileak, baina, aspaldi hasi dira ekitaldiak antolatzen eta behar dena lotzen. Hortan ari dira Kuadrillen Egunaren prestaketan dabiltzanak.
Hilaren 23ko bazkaria izaten da Errenteria-Oreretako kuadrillen topaleku nagusia, Agirre Lehendakariaren plazan jarri ohi den txosnagunean. Ehunka pertsona biltzen dira bertan. Nerea Izagirre antolatzaileetako batek adierazi duenez, aurten 1.500 lagunera mugatua egongo dira sarrerak, «logistika eta errentagarritasun kontuengatik». Atzora arte 1.300 sarrera saldu ziren, eta joan nahi duenak igandera arte du sarrera erosteko aukera. Geratzen diren 200 txartelak Xera, Arkaitza edo Sindikato tabernetan lor daitezke. Helduek hamabost euro ordaindu beharko dute, eta haurrek hamar.
Berritasunak egongo dira egun horretarako. Horrela, goizean, muntaketaz gain, bozketa bidez aukeratutako logoarekin mural bat margotuko dute. Irudia atzean dutela, koadrilek photocall-a egingo dute, bazkaldu aurretik.
Aurreko urteetan bezala, paella bazkalduko dute, mahaiak kuadrillaka bete ondoren. Omenduak ere izango dira: Hibaika, Kukai eta Landare elkartea. Denen artean—enfasi berezia jarri dute horretan— mahaiak jaso eta garbitu ondoren, Dj Bullen kamioiaren atzetik segizioa egingo dute, kamiseta urdina soinean dutela, ehunka lagunek.
19:00etan Xanti eta Maialen erraldoiekin dantzatuko dira, Herriko Plazan, eta txosnagunera itzuliko dira. Orduan iritsiko da eguneko beste berritasunetako bat, Amets Badiola antolatzaileak azaldu duenez: kuadrillen arteko playback lehiaketa egingo dute, Yogurinha Borovak antolatuta. Euriari deiadar egindakoan, Dj 2ttorrek musika pintxatuko du.
Ereduarekiko hausnarketa
Oreretako kuadrillek hausnarketa prozesua egin dute azken hilabeteetan. Alde batetik, Ez gaitzala biluzik harrapa kanpaina abiarazi zuten, jendea inplikatzeko. «Horrelako ekitaldi batek lan handia suposatzen du, eta egunean bertan lan egin behar du jendeak, denen artean jaso eta garbitzeko», esan du Izagirrek. Gainera, euren jarduerak Erdigunean ez zentratzeko, hainbat poteo egiten hasi dira auzoetan, Hamabi auzo, hamabi poteo lelopean. Helburua auzo bakoitzaren errealitateak ezagutzea da, eta bertako bizilagunen testigantzak jaso dituzte Jai ereduari buruzko hausnarketa egiten aritu dira. «Kuadrillen Egunak arrakasta handia du azken urteetan», gaineratu du antolakuntzako kideak, «eta horrek arrakasta duen bezala, beste gauza batzuk ez dute hainbeste».
Horregatik, Donostiako Piratekin eta Lezoko Zabarre eta Perutxoren konpartsako kideekin batzarrak egin zituzten, euren eredua zein den ezagutze aldera. «Horrez gain, gure herriaren historiarekiko oso ezjakinak ginela konturatu ginen», zehaztu du Izagirrek.
Esan eta egin. Jon Graciak herrixka sortu zenetik XIX. mendera arteko historia kontatu zien. Arantxa Urbek, berriz, industrializaziotik hasi eta gaur egunera artekoa kontatu zien.
Industrializazioak herrian utzi duen arrastoa kontuan hartu zuten Kuadrillen Egunerako dagoen erreferenteen hutsunea betetzeko. Hasi dira pixkanaka txertatzen: bazkarirako txarteletan Olibet gaileta fabrikaren irudia dago.
«Arantxa Urbek gauza bitxi bat kontatu zigun», gogorarazi du Izagirrek. «1920an emakume bat kaleratu zuten Lino fabrikatik. Elkartasunagatik, lankideek greba hasi zuten, eta Oreretako beste bi fabrika ere batu ziren. Bi hilabetekoa izan zen lan uztea. Ez zen batere arrunta garai hartan, eta are gutxiago emakume bat kaleratu zutelako», gaineratu du. «Kuriosoa eta interesgarria» iruditu zitzaielako, emakume haren borroka islatuko duen logotipoa egitea.
Muralean irudikatzeaz gain, kamisetetan ere eramango dute boto bidez hautatutako marrazkia.
Egitaraua zabaldu
Emakume langilearen irudia 23an milatik gora lagunen paparrean presente egongo bada ere, bezperan egingo du lehen agerraldia. Izan ere, Oreretako kuadrillek aurtengo egitarauan indartu nahi dituzten bi ekitaldi prestatu dituzte.
Kukaña egingo dute Madalen Egunean, 20:15etik aurrera —itsasgorak markatzen du ordutegia—, eta bertan pertsonaia agertuko da. Madalenetako azkeneko gauean, Zentenarioa-ren ondoren, Azken Guda Dantza izeneko ekitaldia egingo dute, txosnagunean. Istorio guztietan bezala, protagonistaren antagonista agertuko da.
Bazkarira eraman beharreko kamisetak jasotzeko txosnagunetik pasatu beharko da hilaren 18tik 20ra, 18:00etatik 20:00etara. Blog bat ere jarri dute martxan: oreretakokuadrillak.wordpress.com. Eta Twitterren jarraitu nahi izanez gero, kontua @oreretau23 da.