Irailaren 17tik 20ra ospatuko dute bigarrenez Atlantikaldia. Itsasoko elkarrizketak izango ditu ardatz, eta nazioarteko artista ugari bilduko dira bertan.

Itsasoa eta papera uztartuko ditu Atlantikldia jaialdiak
Herbehereetan, pasa den milurtekoaren hasieran, bertako biztanleak polderrak egiten hasi ziren: dikeekin zein teknika sofistikatuekin, ordura arte itsasoa zena lehortu eta lur bilakatzen zuten. Itsasoari bere eremu naturala lapurtu zioten, alegia.
Errenteria-Oreretan ere lurrak itsasoari jan zion eremua duela urte dezente. Esaterako, egungo Foru Plazan zegoen portua. Errenteria-Orereta itsasoari bizkarra emanez bizi izan da hainbat urtez, iaz arte: Atlantikaldia jaialdiaren bitartez, itsasoaren ondarea berreskuratzen hasi nahi izan zuten, baita izaera propioa azaleratzen ere. Itsasoari, modu sinbolikoan bada ere, udalerrira itzultzen utzi zioten, galdutako lekuaren bila. Horrez gain, jaialdiarekin kultur harremanak sustatzea ere dute helburu.
2014ko jaialdia arrakastatsua izan zen, lehena izateko. Atlantikoari lotutako kulturen hainbat erakusle izan ziren Errenteria-Oreretan, eta aurten ere hala izatea espero dute. Iazko jaialdian 10.000 bisitari inguru izan zirela jakinarazi du udalak. Ekitaldi jendetsuena Celtas Cortosek eman zuen kontzertua izan zen: 7.000 ikusle batu ziren Agirre Lehendakariaren plazan.
Aurten arrakasta horren parera iritsi edo gainditu nahi dute. Irailaren 17tik 20ra izango da jaialdia. Ekitaldiak fintzen ari dira antolatzaileak, eta horiek prestatzeko, herriko eragileen laguntza jaso dute. Izan ere, Atlantikaldirako ehun proposamen baino gehiago jaso dituzte. Horien artean daude musika emanaldiak, hitzaldiak, erakusketak eta beste hainbat jarduera. Aurten ere, Oiartzun ibaia izango da jaialdiaren ardatza. Antolatzaileek iragarri dutenez, lau egunetan horiek guztiak egitarauan sartzea ezinezkoa izango da, baina, hala ere, egitaraua oparoa izango da.
Iazko ekitaldiak 10.000 bisitari inguru izan zituen, udalaren arabera
Herriko eragileek egitaraurako ehun proposamen baino gehiago egin dituzte
Itsasoari begira bizi diren herrien arteko harremana izango da gai nagusia
Jaialdiaren aurkezpen ekitaldian Julen Mendoza alkateak adierazi zuenez, «herri partaidetza da jaialdiaren motorra». Eragileei eskerrak eman zizkien «jarrera eta inplikazioagatik». Aitortu zuenez, konbentzituta dago horrelako egitasmoak elkarlanean aurrera eramatea «aberasgarriagoa» dela.
Itsasoa eta papera
Aurtengo gaia, berriz, itsas elkarrizketak izango dira. Arrantzaleek lankideekin zein beste herrialdeetako biztanleekin erabiltzen zituzten pidginek garrantzia izango dute —ikus azalpena ondoko testuan—. Horrez gain, Euskal Herria itsasoari begira nola bizi zen, herrien arteko harremanak, elkartrukea eta elkarrizketa, itsas hizkuntza eta beste hainbat gai ere jorratuko dituzte.
Itsasoa ez ezik, udalerriaren industrializazioaren azkeneko ikurra den paper fabrika ere kontuan hartuko du aurtengo jaialdiak. Izan ere, Oiartzun ibaiaren ekialdeko ibarrean dagoen Papelerak aurten 125 urte beteko ditu.
Bi gaiak batze aldera, Atlantikaldiak sinbolo bat edukiko du: kartelean agertzen den paperezko itsasontzia.
Merkatariak, ostalariak zein ikastetxeak paperezko ontziak egitera animatu dituzte, herriko hainbat gunetan erakusteko.
Guneak aipatuta, bi eszenatoki nagusi egongo dira, Herriko Plazan eta Agirre Lehendakariaren plazan. Bertan Ozeano Atlantikoa zedarritzen duten hainbat herrialdetako musikariak izango dira —ikus horietako batzuk ondoko orrialdean—, tartean anfitrioi lanean ariko den Kukai dantza konpainia. Atlantikaldiko emanaldi guzti-guztiak doan izango dira.
Errepikatzeko asmoa
Lehenengo Atlantikaldia bukatu eta pare bat egunera, udaleko ordezkariek balorazioa egiteko agerraldia egin zuten. «Arrakasta biribila» izan zela adierazi zuten orduan, eta errepikatzeko asmoa zutela jakinarazi zuten, «herriko eragileek hala nahi badute».
Lehenengo ekitaldi haren helburuetako bat, herriko ostalaritza eta merkataritza bultzatzeaz gain, «kalitatezko irizpidedun oinarriak jartzea zen». Aurten errepikatuko dutela ikusita, oinarri horiek sendoak direla dirudite. Herbehereetako polderrenak bezala.
Parte hartuko duten artista batzuk
Carlos Nuñez
Vigo, Galizia. Irlandako The Chieftainsekin hasi zen ezagutarazten, gaita jotzen. Gerora flauta ikasketak egin zituen. Zelten musika asko ikertu du, eta soinu mota horren kutsua dute Nuñezen disko gehienek. Guztira bederatzi kaleratu ditu, eta hainbat filmeren soinu bandaren egilea da.

Carlos Nuñez
Sandy Silva
AEB. Dantza perkusiboa lantzen duen dantzari eta koreografoa da. Montrealen (Quebec) bizi da. 30 urteko ibilbidea du, eta hainbat herrialdetako dantzak perkusiboak landu ditu: Hungaria, Andaluzia, Apalatxeak… Bere gorputza kolpatuz egiten du dantza, eta publikoa harrapatzen du.

Sandy Silva
La Gallera Social Club
Venezuela. Hirukoteak Venezuelako folklorea eta psikodelia nahasten ditu, Hego Ameriketako tradizioarekin. Taldearen izeneko ‘Social Club’ hitzekin, topaketa, adiskidetasun eta elkarrizketarako talde bat direla adierazi nahi dute. Hiru disko argitaratu dituzte —bi urte berean—, eta nazioarteko birak ere egin dituzte.

La Gallera Social Club
Maja & David
Danimarka eta Quebec. Maja Kjaer Jacobsenek eta David Boulangerrek 2009an ezagutu zuten elkar, eta hiru urte beranduago sortu zuten musika bikotea. Abesti tradizionalak —bi herrialdeetakoak— eta sorkuntza propioak uztartzen dituzte. Maiatzean kaleratu zuten bigarren diskoa.

Maja & David
Dobet Gnabore
Boli Kosta. Aitaren konpainian sartu zen 12 urterekin, eta antzerkia, dantza, musika eta kantua ikasi zituen. Ano Neko bikotea sortu zuen 1999an. Lau urte beranduago, Belgikako disko etxe batekin sinatu, eta lau disko atera zituen. 2010ean Grammy sari bat lortu zuen lehen bolikostarra izan zen Gnabore.

Dobet Gnabore
Kalakan
Euskal Herria. Madonnarekin bira egiteagatik da ezaguna hirukotea, baina urte batzuk lehenago Labeque ahizpa pianista baionarrekin Europan barrena biran ibili ziren. Euskal musika tradizionalaren eguneraketa proposatzen dute euren musikan. Pasa den apirilean Elementuak euren bigarren diskoa aurkeztu zuten Sarako (Lapurdi) kobetan.

Kalakan
Gnawa Diffusion
Aljeria. Grenoblen (Frantzia) sortu zen taldea duela bi hamarkada baino gehiago. Magreb edo Tamazghako musika tradizionala dute oinarri, baina rocka, punka reggaea edo rootsaren ukituak ematen dizkiete euren abestiei. Abestietan Aljeriako egoera, hango ustelkeria edo inperialismoa salatzen ditu Amazigh Kateb taldearen sortzaileak bere letretan. Gnawak arabiarrek Magrebera eraman zituzten esklabu beltzak eta ondorengoen kultura dira.

Gnawa Diffussion
Varttina
Finlandia. 1983an sortu zen taldea, eta aldaketa batzuk izan ditu. Euren herrialdeko folkarekin gaur egungo doinuak uztartzen dituzte. Kareliako hizkeran abesten dute hiru emakumeek. Modu akustikoan jotzen duten sei musikarik laguntzen dituzte.

Varttina
Pidgin-ak, itsas gizonen arteko elkarrizketak
Atlantikaldia jaialdiaren bigarren ekitaldiaren gai nagusia itsas elkarrizketak izango dira. Itsasoan aritzen ziren langileen artean sortu ziren pidginak duela hainbat mende.
Pidginak bi pertsonen, edo gehiagoren, artean sortzen diren hizkuntzak dira. Ez dira hizkuntza komunak, baizik eta elkar komunikatzeko balio duten hizkuntza ez-osoak dira. Hizkuntza kode sinplifikatuak dira, eta migranteek erabili dezakete euren bizileku berrian. Hizkuntzalarien ustez, pidginak kreolera bilakatzen dira ama hizkuntza dutenean.
Etorkinek ez ezik, merkataritza jarduera indartsuko tokietan ere sortu ziren pidginak. Horrela, dokumentatua dagoen zaharrena Mediterraneo itsasoan hitz egiten zuten sabir-a izan zen. Gehienbat Genoako eta Veneziako merkatariek hitz egiten zuten, eta latinetik zetozen beste hizkuntzez gain —katalana, portugaldarra, okzitaniera—, greziera, turkiera eta arabieraren hitzak ere jaso zituen.
Atlantikaldia munduari begiratzen dion jaialdia da, baina Euskal Herritik. Euskal baleazaleek ere bazituzten euren pidgin propioak.
Horrela, Labrador eta Terranovan algonkin-euskara pidgina sortu zen XVI. mendearen hasieran. Lexikoa ez zen oso zabala, eta gramatika nahiko sinplea zen, bi hizkuntzek ez baitzuten ia ezaugarri komunik. Baleak arrantzatzeaz gain, bertako jatorrizko biztanleekin larruen salerosketan —nagusiki— ibiltzen ziren euskaldunak. Pidginaren adibiderik ezagunenetakoa da
Nola zaude? Apaizak hobeto esaldia. XVII. mendearen bukaeran etorri zen pidgin haren gainbehera, aztarna gutxi utzita.
Egungo Kanada aldean hitz egiten zuten pidgina baino zaharragoa da euskara eta islandiera nahastu zituena, eta frantsesezko eta ingelesezko hitz batzuk ere jaso zituen. Islandiako mendebaldeko fiordoetan garatu zen hizkera hura.
Kanadan ez bezala, islandiarrekin harreman guztiak ez ziren baketsuak izan. Duela 400 urte euskal baleazaleen sarraskia egin zuten, eta euskaldunak hiltzea baimentzen zuen legea duela aste batzuk utzi zuten bertan behera herrialde horretan.