
Txosnagunean egin du agerraldia EH Bilduk
Madalenak gertu direla eta, EH Bilduk agerraldia egin du gaur, zehazki txosnak egongo diren Agirre Lehendakariaren plazan. Iaz hasitako indarkeria sexistarekiko zero tolerantzia kanpainarekin jarraituko dute aurten ere,
Ezetz ezetz da, gozo goza jaiak lelopean. Koalizioak adierazi du jaiek ezin dutela izan “jarrera matxistak eta eraso sexistak justifikatzeko testuinguru edo arrazoiak”.
Luis Garrido eta Tina Diazek oharra irakurri dute, euskaraz eta gazteleraz, hurrenez hurren. Esan dutenez, “patriarkatua, gizartean, daramagun zama da, nahiz eta hainbat espazio sozialetatik, batez ere mugimendu feministatik, saio eta ahalegin garrantzitsuak egin diren”. Euren iritziz, egungo “sistema heteropatriarkalak” gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak “sustatu eta betikotzen” ditu. “Horrek bizitzako arlo publiko eta pribatuan du isla, eta eta herriko festek ez dute logika horretatik alde egiten”, zehaztu dute. Horren aurrean, Orereta/Errenteriako EH Bilduk nabarmendu du “denok” hartu behar dutela konpromisoa “erregimen sozial, politiko eta ekonomiko horrekin bukatzeko”.
Madalenetan gozatzeko eskubidea aldarrikatu du koalizioak, “betiere gizonen eta emakumeen arteko errespetu eta berdintasunean”. Horregatik, taberna, txosna eta bestelako jai guneak “erasorik gabeko eremuak” direla adierazten duten kartelak banatuko dituzte ezkerreko koalizio soberanistako kideek. Errenteria-Oreretako herritarrei eta bisitariei eskatu diete eraso sexisten aurrean “jarrera aktiboa eta zero tolerantzia edukitzeko”. Azkenik, festak gozatzeko deialdia berretsi dute: “Ez ezetz da, gozo goza jaiak”.