Nafarroa etorbidea eta Biteri, Maria Lezo, Andoni Korta eta Pablo Iglesias kaleetan trafiko aldaketak egingo dituzte.
Nafarroa etorbidea irudiko tokitik Niessen pareraino itxiko dute
Herriko jaiak direla eta, biharko 06:30etik aurrera, hainbat errepide itxiko dituzte. Alde batetik, Maria Lezo eta Andoni Korta kaleak moztuko dituzte. Bestetik, Nafarroa etorbidea Santa Klara plazatik Galizia biribilguneraino (anbulatorio parekoa) itxiko dute. Honakoak izango dira aldaketak eta eman dituzten gomendioak:
- Nafarroa etorbidea eta Erdiguneko kaleak (Maria Lezo, Xenpelar, Foru Plaza, Pablo Iglesias, Alfonso XI eta Biteri), bihar goizean itxiko dituzte, eta igandean, garbiketa lanen ondoren, irekiko dituzte.
- Nafarroa etorbidearen zati hori erabat itxita egongo denez, N1aren saihesbidea erabiltzeko gomendatu dute.
- Koldo Mitxelena plazako eta Pablo Iglesias, Biteri 38 eta Morrongilleta 4 kaleetako garajeen erabiltzaileek ohiko sarbideak erabili beharko dituzte.
- Morrongilleta eta Xenpelarreko urbanoaren geltokiak Tulle kalera mugituko dituzte.
- Hilaren 22an eta 24an, Pontikako trafikoa etengo dute su artifizialek irauten duten artean.
- Urbasa kalea 21ean eta 24an moztuko dute, 22:00etatik 06:00etara.
Touring etorbidea itxita egongo da hilaren 30era arte. barrakak bertan jarriko dituztelako. Itxita egongo den Nafarroa etorbideko zatiko autobus geltokiak Iztietako geltokietara lekualdatuko dituzte.
Gainera, lapurretekin adi egoteko deia egin dute. Normalean, ekitaldi jendetsuetan gertatzen direla adierazi dute, eta Udaltzaingoak segurtasun neurri bereziak hartzen dituen arren, lapurrak “oso iheskorrak” izaten direla ziurtatu dute. Horregatik, begiak zabalik edukitzeko eskatu dute, eta diru zorroa iristeko zailak diren tokietan gordetzeko aholkatu dute, hala nola aurreko sakeletan edo poltsak aurrealdean jarriz.