Gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, X. Txistularien Kontzertu Nagusia izango da Gamon Zumardian. Dantzariak, erraldoiak eta musika banda ere izango dira
Anne Etchegoyen ariko da kantuan
Gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, X. Txistularien Kontzertu Nagusia izango da Gamon Zumardian. Errenteria-Orereta inguruko txistulariak ez ezik, Ereintza dantza taldeak, Xanti eta Maialenen konpartsak, Landarbaso abesbatzak eta EMKEren Musika Bandak hartuko dute parte. Anne Etchegoyen donapaleutarra ariko da kantari lanetan.
Ekitaldiz betetako asteburuaren eta madalenen arteko zubi lana egingo du kontzertuak.
Erromeria Egunaz gain, larunbatean hainbat kontzerturekin gozatzeko aukera egon zen. Landarbaso Abesbatzak urteko kontzertu nagusia eman zuen atzo, Madalenaren basilikan. Gainera,
Ongi Etorri Madalenak ikuskizuna eskaini zuen Jai Toki elkarteak Niessenen. Xakea, galeperrari tiroa, bola jokoa eta beste hainbat ekitaldi egingo dituzte.
Bihar, berriz, 18:30etik aurrera hasiko da
Herri Bizia txupinazoa emititzen. Webgunean ikus daiteke, baita Gamon Zumardian jarriko duten pantaila erraldoian ere. Zintzilik Irratiak ere, urtero bezala, zuzenean emitituko du jaien hasierako ekitaldia. Hibaikak botako du txupina, eta eurekin batera egongo dira udalerriko 11 gazte elkarteetako bina kide.
Horrez guztiaz gain, Twitterren jaien berri eman nahi duenari #madalenak2015 traola erabiltzeko eskatu diote.