Hondakinen birziklatzea ia hamar puntu igo zen ekainean, iazkoarekin alderatuta
Udaleko Mendi eta Ingurumen Sailaren arabera, edukiontzi marroiak ahalbidetu du hondakinen birziklatze tasa hamar puntuan igotzea.
Errenteria-Oreretan pasa den ekainean jasotako hondakinen %41,7 birziklatu jakinarazi du udaleko Mendi eta Ingurumen Sailak. Bertako zinegotzi ordezkari Jose Cruz Legorburuk esan du “pozgarria” dela, “kontuan hartuta 2014ko birziklapen tasa %31,3koa besterik ez zela”.
Hamar puntuko igoera hori hondakin organikoa jasotzeko edukiontzi marroiari esker dela adierazi du Legorburuk. Bere ustez, herritarrek eskertu egin dute udalak edukiontzi hori jartzeko ahalegina. “Edukiontzia behar bezala erabiltzen dugu”, gaineratu du, “baina badugu oraindik non hobetu”. Izan ere, datorren urterako birziklatze tasa %60 izatea nahi du udalak.
Bide horretan, urratsak iragarri ditu Mendi eta Ingurumen zinegotziak. Errenteriako hiri hondakin solidoak prebenitzeko plana eztabaidatzen hasiko dira udal organoak, epe laburrean, onar dadin. Prebentzio plan horrek hainbat alor jorratuko ditu, eta horietako batzuk zerrendatu ditu Legorburuk:
- Zabor ugari sortzen dituzten sektoreetan prebentzio bultzatzea (komertzioak, udal zerbitzuak…).
- Herritarrak sentsibilizatu, informatu eta kontzientziatzeko lan ildoak sortzea.
- Norbanakoen zein auzo konposta egiteko politikak bultzatu eta zabaltzea.
- Berrerabilpena sustatzea.
- Festetan zein ekitaldietan Zero Zabor egoteko plangintzak aurrera eramatea.
