Abuztuaren 8an Historiaurrearekin lotutako jarduerak egingo dituzte, eta 22an, berriz, saguzarren bizimodua ezagutzeko aukera egongo da.
Historiaurreko margoak egiteko aukera egongo da
Aiako Harria Parke Naturala ezagutarazi eta balioa emateko asmoz, Errenteriako Udalak, aldundiak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak lau jardunaldi antolatu dituzte abuzturako. Listorreta abenturarako gune bilakatuko dute, eta bi jardueren berri eman dute antolatzaileek.
Lehenik eta behin, abuztuaren 8an, Aizpitarten bizi ziren lehenengo gizakiak irudikatuz, Historiaurreko bizimoduari buruzko erakustaldi eta tailerrak antolatu dituzte. Aitzbitarteko Lagunek antolatu dituzte jarduerak: Historiaurreko propulsatzaileekin jaurtiketak egingo dituzte, baita ere sua egiten ikasi edo Historiaurreko margoak pintatu, besteak beste.
Antolatzaileek jakinarazi dute jarduerak adin guztietako pertsonei daudela zuzenduta, baina esan dute haurrek izango dutela lehentasuna. Listorretako etxolan elkartuko dira, 16:00etan, eta eta hiru ordu iraungo dute jarduerek. Ez da ezer ere ez ordaindu beharko.
Bestalde, abuztuaren 22an saguzarrak hurbiletik ezagutzeko txangoa egingo dute, Kiko Alvarezen eskutik. Listorretako etxolatik irtengo dira 20:30ean, hori baita ugaztun hegalariak ezagutzeko momenturik egokiena. Saguzarrek erabiltzen duten orientatzeko erabiltzen duten sistema, ernaltze zikloa, hibernazioa, saguzar mota ezberdinak eta beste ikasiko dituzte. Gainera, gerturatzen denak, aplikazio bati esker, saguzarrak entzuteko aukera izango dute. Ordu eta erdi iraungo du txangoak, eta 5 eta 12 urte arteko haurrek hiru euro ordaindu beharko dute, eta helduek bost.