Eskolak hausnarketarako, sendotasunerako eta topaketarako esparruak sortu nahi ditu emakume pasaitarrentzat
Emakume migratzaileak beren taldea dute eskola barruan
Emakumeak antolatzea eta saretzea da jabekuntza eskolaren nahia, emakumeen eta emakume taldeen autonomia indartuz, sormen lana sustatuz, eta borroka feminista ezagutzera emanez.
Orain dela hiru ikasturte jarri zuten martxan jabekuntza eskola Pasaian Berdintasun Mahaiko kide direnek. Harremantxo, Bezkoz Beko, Azkueneko emakume taldea, Topaketa, Lagun Artea, Pasaiako Udalaren Berdintasun Arloa eta emakume pasaitarrak biltzen dira Berdintasun Mahaian.
Ikastaro eskaintza zabala prestatu dute aurten ere eskolak, adin eta askotariko jatorriko emakumeak kontuan hartuta. Adimen emozionala, rap feminista, batukada, bideogintza, sexualitatea, komunikazio ziberfeministarako estrategiak… horiek eta beste asko topa daitezke eskainiko dituztenen artean.
Informazioa eta izen-ematea
Izena emateko 943004320 telefonora deitu behar da, edota
posta elektronikora idatzi. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta haurtzaindegi zerbitzua izango dute, izena eman eta eskaera egin ondoren. Izena emateko epea urte osoan mantenduko dute irekia.