Moreak eta arrosak ez dxute bat egin 1999tik Kontxako Banderan. Urte horretatik, elkarrekin ez dute boga egin Donostiako uretan San Juanek eta San Pedrok. Aurten joera horrekin hautsi nahi dute. Oarsoaldeko Hitza.
Iaz ez zen Kontxan egon San Pedro. Argazkia: Josu Z.
Gizonen Kontxarako biharko sailkapen estropada emozioz beterik dator, batez ere, Pasaiako traineruentzat. San Pedrok eta San Juanek azken aldiz urteko banderarik garrantzitsuenean elkarrekin 1999an egin zuten boga (urte hartan Pasai Donibane-Koxtapek irabazi zuen bandera), eta azken urteetako joera horrekin hautsi nahi dute bihar arrosek eta moreek. Hibaikak eta Oiartzungo Itsaslapurrek gozatzeko eguna izango dute biharkoa.
Kontxan, Donostiarrarekin batera izango den zortzikotean egoteko aukera errealak badituzte bi traineru pasaitarrek. San Miguel Ligako sailkapenari eta taldeek duten potentziala begiratuta, ia ziurtzat eman daiteke Hondarribiak, Urdaibaik, Kaikuk eta Oriok plaza lortuko dutela bihar Kontxan. Beste lau traineruk sailkapeneko hiru plaza izango dituzte jokoan, San Pedrok, San Juanek, Cabok eta Tiranek. Antza, hor dago gizonen kategorian biharko indargunea, hiru plaza horiek nora joango diren, Pasaiara edo Galiziara.
San Miguel Ligan azken asteburuan izan diren emaitzei erreparatuta, emozioa ziurtatuta dago: San Juan bederatzigarren (Kontxatik kanpoko postua) izan zen larunbatean Bilboko banderan, eta San Pedro bosgarren (barruan legoke); igandean, Petronor banderan, arrosak laugarren izan ziren (Kontxa barruko postua litzateke), eta sanpedrotarrak zortzigarren (kanpo). Zentzu batean argigarriak, baina beste batean nahasgarriak izan daitezke emaitza horiek, kontuan hartuz liga eta Kontxa ez direla gauza berbera, estropada eremuak eta baldintzak ez direla antzekoak, eta ziurrenik aldaketak izango direlako asteburutik biharko taldeetara.
Hibaikak eta Oiartzungo Itsaslapurrek ez dute aukerarik Kontxan egoteko. Donostiako estropada eremura arraunaz disfrutatzera aterako dira biak ala biak, gozatzera.
Jarraian, bihar, gizonezkoen sailkapen estropadaren hainbat xehetasun:
- Hasiera ordua: 18:00.
- Modalitatea: erlojuaren kontrako estropada, ziaboga bakarrera (Kontxako ohiko estropada eremua).
- Partaideak: 24, bi multzotan banatuta. A multzoan: Astillero, Urdaibai, Cabo, Getaria, Kaiku, Hondarribia, Orio, Portugalete, San Juan, San Pedro, Tiran, Zierbena. B multzoan: Amegrove, Castropol, Ares, Mugardos, Deusto, Hibaika, Lekeitio, Oiartzun, Ondarroa, Pedreña, Zarautz eta Zumaia.
- Txandak: bi multzo horien artean zozketa egingo da, zein multzo lehian hasi erabakitzeko. Multzo bakoitzeko traineruak minuturo aterako dira. Multzo eta multzo artean atsedenaldi laburra egongo da.
- Sailkatuak: 24tik, zazpi.