18:30ean txupina jaurtitzearekin batera hasiko dira jaiak.
Apar festa ere izango da aurten Beraungo jaietan
Gaurtik igandera bitartean, Beraunen festa izango da nagusi. Jaiak 18:30ean hasiko dira, suziria botatzearekin batera. Ondoren, maskleta izango da. Buruhandiak, sardina jatea, herri afaria, Iban Bermejo DJ eta zinema kalean izango dira gaurko egitaraua osatuko duten ekitaldiak.
Bihar, goizetik hasiko dira ekintzak. Helduentzat, igel, toka eta bote tiraketa, haurrentzat, puzgarriak eta apar festa. Arratsaldean, karaokea eta haur danborrada izango dira, eta gauean helduek hartuko dituzte danborrak. Ordu txikietara arte, berbena izango da Cafe Irlandes taldearekin.
Igande goizean pala txapelketako finala jokatuko dute. Horrez gain, umeentzako marrazki lehiaketa eta pilates izango dira. Eguerdian, berriz, herri kirolak, dantza eta pailazo ikuskizuna eta patata tortilla lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute beraundarrek. Arratsaldean, txokolate jatea eta buruhandiak izango dira, eta festak jota emanaldiarekin bukatuko dira.