Santakrutz jaiak ostiralean hsiko dira. Bost egunez 53 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute lezoarrek.

Jai batzordea eta udal ordezkariak
Dena prest da ostiral arratsaldean Santakrutz Jaiei hasiera emateko. Eñaut Alvarez Ansorena eta Araitz Hernandez Tolosa Alkate Txikiek pregoia irakurri, txupina jaurti eta Murixka Dantza taldeko kideen agurrak emango die hasiera santakrutzei 19:00etan. Bost egunez 53 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute lezoarrek.
Egitarauaren berri emateko agerraldia egin zuten atzo jai batzordeko ordezkariek, Kepa Garbizu alkateak, Noemi Arberas Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak, eta Xanti Val kultura teknikariak.
Musika, dantza, antzerkia, txapelketak, bazkariak, haur jolasak… hamaika ekimenekin osatu dute egitaraua, eta berrikuntzak ere baditu. Horien artean egitaraua biltzen duen
APPa nabarmendu zuen Garbizuk: “Gizarte ohitura berriekin bat eginez, gero eta zabalduago dagoen aplikazioa sortu dugu; lezoarrentzat bereziki, baina gure herrira etorri eta jaiak ikusi eta dastatu nahi duen orok izango du eskuragarri”. Lezo jaietan, ekitaldi agenda APPak egitaraua egunez egun, ekintzen kokapena eta Lezoko Udalaren webgunean agertzen diren berriak biltzen ditu.
53 ekitaldi eta 34. 288 euroko aurrekontua
Publiko zabalari zuzendutako 53 ekitaldirekin osatu du santakrutzetako egitaraua jai batzordeak, eta horretarako, 34.288 euroko aurrekontua izan dute. Musika eta bazkariak nabarmendu zituzten atzoko agerraldian: “Danborrada, berbena, kontzertuak, diana eta karaokea antolatu ditugu aurtengo jeiei begira”. Bazkariei dagokienean berriz, bost izango dira aurten. Lehena larunbatean, marmitako lehiaketaren harira egingo dutena Saldise plazan. Santakrutz egunean, astelehenarekin berriz, beste hiru egingo dituzte: Irrizaleena Markesanen, Tartekoena Karlos Saldise plazan, eta Arrantzaleena Bekoerrota kiroldegian. Baserritarrei begirako bazkaria izango da bestalde asteartean Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan.
Lezo, eraso sexisten aurka
Eraso sexiten aurka ekimena abiatuko du, bestalde, Lezoko Udalak Santakrutz Jaietan. Ez dute erasorik nahi, eta halakoren bat atzematekotan erantzun azkarra emateko moduan nahi dituzte lezoarrak. Berdintasunerako III. Planaren barruan kokatzen da ekimena, eta herriko ostalarien laguntzarekin eraso sexisten aurkako jarraibideekin txartelak banatuko ditu. “Edozein erasoren aurrean zer egin behar den azaltzea da helburua”, esan zuen Arberasek, “jarraibide sinpleak dira, baina lagungarriak, ez baita erraza halako egoera bat kudeatzea. Erasoa jasan duenari laguntza behar duen galdetu, eta bere erabakia errespetatzea; bakarrik ez uztea, bere konfidantzazko norbait iritsi arte… Jarraibideez gain, larrialdiko telefonoak biltzen dira txartelan”.
Erasoen aurrean jarrera aktiboa izateko, eta halako egoera baten aurrean laguntza emateko eskatu zien lezoarrei Arberasek eta eskerrak eman zizkien tabernariei, “kanpaina aurrera eramateko eman diguten laguntzarengatik”.
Jendetsuenak desfilea eta danborrada
Danborrada eta Inude eta Aratzaien desfilea izaten direla ekitaldirik jendetsuenak ere esan zuten atzoko agerraldian. Danborrada ostiralean izango da eta Allerru, altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteko ordezkariak izango dira danbor hotsak herrian barrena zabaltzen. Desfilea berriz igandean izango da, 12:00etan Lopeneko plazatik abiatuta. Azken hori urtetik urtera indarberritzen doala zehaztu zuten eta aurten berritasuna izango duela gaineratu. Izan ere Oarsoaldeko dultzaineroen laguntza izango du desfileak.
Kirolak ere izango du tartea Santakrutz Jaien egitarauaren barruan, Josetxo Etxandi pilota txapelketako finalen bidez. Herri kirolen erakustaldia ere izango da aurten. Baserritarren eguneko bertso saioari aipamen berezia egin zion Valek: “Maila handiko laukotea izango dugu gure artean. Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, alaia Martin eta Maialen Lujanbio”.
Jai batzordeak egin duen lanari aipamen berezia egin zion alkateak, “gogoz eta musu-truk aritu dira lanean zenbait hilabetez. Haiek garatu eta adostu dute egitaraua eta gobernu taldeak berretsi. Eskerrak emateaz gain, osatu duten jai egitarauarengatik zoriondu nahi ditut”. Jai Batzordearen lanak ordea ez lukeela zentzurik lezoarren parte hartzerik gabe ere gaineratu zuen Garbizuk, eta horren harira, “herria pozez eta alaitasunez, elkartasunaz eta errespetuz” betetzeko deia egin zien lezoarrei santakrutzetan.