Aurtengoan ere "bikain" joan da Elizalde Herri Eskolak antolatutako bertso-bazkaria, hala azaldu dute ikastetxetik bertatik, "Kategoriko" giroa egon zen.
Bertso bazkaria Elizalden
Aurtengoan ere “bikain” joan da Elizalde Herri Eskolak antolatutako bertso-bazkaria, hala azaldu dute ikastetxetik bertatik. Kategoriko giroa egon zen eta bertsozaleek arrunt gustura igaro zuten eguna. 180 lagunetik goiti elkartu ziren bigarrenez antolatutako bertso-bazkarian. Iazko bazkaltiarren kopurua bikoiztuta, goizean goizetik ekin zioten lanari guraso, irakasle eta DBHko ikasleek. Batzuk, sukaldean buru-belarri, besteak, berriz, mahaiak prestatzen eta soinuaren kalitatea frogatzen.
Eguraldia lagun, 13:30erako hurbildu ziren hiru protagonistak. Argudioan aritu eta gero Iratik botatako bertsoak ireki zuen bazkaritarako bidea.
Bapo bazkaldu eta kafearen tenorean, Iraitzek eta Jonek bertso bana bota zuten saio nagusiari bidea emateko. Leire Beloki gai-jartzaileak, eskolako guraso denak, lanean jarri zituen hiru protagonistak. Ofizioan, kopletan, habaneran, puntuak erantzunez, hitz ezkutua asmatzen, segidillan… Erritmo biziko saioa izan zen. Jendearekin zipoka aritzeko aukera ez zuten alferrik pasatzen utzi bertsolariek.
Iraitzek, Aiorak, Jonek eta Iratik, bertso eskoletako gazteek, bikain jardun zuten puntuak botatzen, baita Anderri kopla bidez gaia jartzen ere.
Iaz bezala, aurtengo segidillak egundoko arrakasta izan zuen. Andoni eta Maialen aritu ziren jendartean zirika. Mahaien bueltan paseatuz joan ziren eta mahaikideetako batzuk irailean zein ikastarotan matrikulatu ote ziren asmatu behar izan zuten. Jendeak gozatu ederra hartu zuen.
Puntu artean oinak emanda ere kantatu zituen Andonik hiru habanera. Bertsoa osatu ahala oinak ematen zizkion Leire gai-jartzaileak. Katalunia, Tabakalera eta Euskalerria Irratiaren lizentzia izan zituzten hizpide. Ongi borobildu zuen Andonik bere lana.
Maialen eta Andoniren asmakizun jolasak ere arrakasta izan zuen. Hitz ezkutua aurkitu behar izan zuten. Puntuka aritu ziren, batzuetan laguntzen eta, besteetan, elkar nahasten.
Ander ere gustura aritu zen. Bertakoa izaki, ongi baliatu zuen herriko ezagutza. Turista andaluzaren paperean, perretxiko-biltzaile lanetan, Hendaiako hondartza nudistan edota koplei erantzuten trebe aritu zen.
Bertso saioak iraun bitartean, txikienek psikomotrizitate gelan egoteko aukera izan zuten. Gero tailer edo eskulanetan aritu ziren DBHko ikasleen laguntzarekin. Hau izan zen aurtengo berrikuntzetako bat. Beste bat, sarreren prezioena izan zen. Bertsozaleek helduena, gazteena eta haurrena eskuratzeko aukera izan zuten. Prezioak egokituta, familientzat eskuragarriagoa izan da aurten bertsoaz gozatzea.
Hasieran aipatu bezala, 200 lagun inguru mahai baten bueltan egotea eta halako bertso giro ederraz gozatzeko aukera izatea, luxu handia izan zen.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete bertaratu ziren guzti-guztiei: laguntzera etorri ziren guraso, irakasle eta ikasleei, Oiartzungo Bertso Eskolako gazteei, Oiartzungo Udalari eta bazkaltzera hurbildu zen jende orori.
Hurrengo urtean Kategoriko 3. bertso-bazkaria antolatzeko erronka hartu dute antolatzaileek.