Txapelketak, kontzertuak, bazkaria, olinpiadak, ... hamaika ekimen antolatu dituzte eta Oreretar guztiak gonbidatu bertan parte hartzera.
Gaztetxearen urteurrenaren harira ekitaldi sorta antolatu dute
Hamabost urte dira Zabala Enea II gaztetxearen proiektua abiatu zutela, eta horren harira egitarau zabala eta askotarikoa antolatu du gazte asanbladak hilabete osorako gaurtik hasita. Txapelketak, kontzertuak, bazkaria, olinpiadak, … hamaika ekimen antolatu dituzte eta Oreretar guztiak gonbidatu bertan parte hartzera. Atzo arratsaldean Herriko plazan egin zuten agerraldi jendetsuan, Oreretako gaztetxearen aldeko mugimenduaren kronologia laburra egin zuten, eta autogestioa, antolakuntza eta borrokaren konpromisoa berretsi zuten. Gaztetxea eta gazte borroka estuki loturik daudela nabarmendu zuten gazte asnbladako kideek, eta horren adibide zehatzak ere jarri zituzten: “Asiloa, Guardia zibilaren kuartela zena, eta Zabala Enea II gaztetxea dugun hau dira horren adibide”. Gonbidapena ere luzatu diete udalerriko gazte guztiei gazte asanbladan parte hartzeko, ” gaztetxeak herritik herriarentzat eraiki eta behar dugulako”.
80. hamarkadako mugimendua eredu
80. hamarkadako Oreretako gaztetxearen aldeko mugimendua duela eredu egungo gazte asanbladak esan zuten, halaber: “Garai hartan etxebizitza eta erresistentzia antimilitarista ziren garrantzia gehien hartu zuten gaiak, eta problematika horiei aurre egiteko gune gisa baliatzen zuten gaztetxea”. Ordutik hainbat izan direla Erreteria-Oreretan okupatu dituzten lokalak eta okupazio horiek ez direla nolanahikoak izan nabarmendu zuten, “ezin dugu ahaztu jasandako errepresio eta bortizkeriak. Gertaera horiek ez dute lortu, ordea, gazteria kikiltzea”.
Arazoei irtenbidea emateko tresna
Gaztetxeak gazteek dituzten arazoei irteera emateko tresna “paregabea” diren zalantzarik ez dute, eta hamabost urteko bide horretan askotariko gaiak lantzen ari direla egunero azaldu zuten, bestalde. “Kirol eremutik hasi eta arazo sozialetaraino eremu zabala lantzen dugu egun gaztetxean. Horrekin batera, kultur eta aisialdi eredu alternatibo bat eskaintzeko, ehunka dira urteetan zehar egin ditugun ekimenak”. Horien guztien helburua gazteen arteko harremana sendotzea dela gaineratu zuten atzoko agerraldian.
Kortxoenea gogoan
Donostiako Gros auzoko Kortxoenea izan zuten gogoan gazte asanbladako kideek atzokoan, “elkartasuna eta konpromisoa adierazi nahi diegu kaleratzeko arriskuan dauden gaztetxe guztiei”. Eta euskal presoei ere egin zieten erreferentzia: “Oreretan 19 euskal preso eta iheslari ditugu, eta ekintza ezberdinen bidez etxean egon behar dutela aldarrikatzen dugu gazte asanbladatik”. Aitzol Gogorza, gaixotasun larri eta sendaezina duen oreretako presoa izan zuten gogoan, eta hilabete osoan zehar gaztetxearen urteurrena osatzeko egingo dituzten ekimen guztietan presente izango dutela nabarmendu zuten, “elkartasunetik gure besarkadarik beroena eman nahi diegu bere senide zein lagunei”.
Egitaraua
- Gaur ostirala, hilak 2: 22:00etan Asiloaren desalojoa dokumentalaren emanaldia eta ondoren, solasaldia gaztetxean.
- Bihar larunbata, hilak 3: 21:30ean Afari elegantea gaztetxean eta ondoren bertsolariak eta DJ Txorimalo. Afarirako sarrerak Sindikato tabernan daude salgai 10 euroan.
- Hilaren 9a, ostirala: Poker txapelketa gaztetxean. Izena eman nahi dutenek Sindikato tabernan eta gaztetxean bertan egin dezakete 2 euroren truke.
- Hilaren 10a, larunbata: 19:00etan Gaztetxetik abiatuta gurpil poteoa herrian barrena.
- Hilaren 15a, osteguna: 19:00etan gaztetxetik abiatuta pintxo-potea herrian barrena.
- Hilaren 16a, ostirala: 17:30ean Mus Txapelketa gaztetxean. Izen ematea 5 euro bikoteko.
- Hilaren 17a, larunbata: 22:00etan kontzertua gaztetxean Bietan egurra eta Sobresalto taldeekin.
- Hilaren 23a, ostirala: 18:00etan ping pong txapelketa gaztetxean.
- Hilaren 24a, larunbata: Mendi martxa Urdaburura gaztetxetik 8:00etan abiatuta. Listorretan ere egin daiteke bat martxarekin 9:00etan.
- Hilaren 30a, ostirala: 20:00etan enkartaleda berezia.
- Hilaren 31, larunbata: Egun handia, Olinpiadak, bazkaria, ekitaldia, txaranga eta kontzertuak.