Zerbitzua "duintzeko" asmo irmoa dutela esan du Julen Mendoza alkateak, Jaione Karrikiri alkateordearekin eta Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziarekin batera egin duen agerraldian, "herritarren bizi kalitatean eragina duelako".
Karrikiri, Mendoza eta Legorburu
Kaleak garbitu eta hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzeko ia 600.000 euro (590.000) gehiago bideratuko ditu Errenteriako Udalak. Horrenbestez, 2.800.000 eurotik 3.390.000 eurora pasatu da lizitazioaren prezioa. Zerbitzua “duintzeko” asmo irmoa dutela esan du Julen Mendoza alkateak, Jaione Karrikiri alkateordearekin eta Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziarekin batera egin duen agerraldian, “herritarren bizi kalitatean eragina duelako”. Plenoak asteartean eman zien argi berdea kaleak garbitu eta hondakinak biltzeko zerbitzua kontratatzeko baldintza agiriei EH Bildu, Errenteria Irabaziz eta EAJren aldeko botoekin, eta gaurko agerraldiaren helburua herritarrei gaiaren gaineko zehaztasun gehiago ematea dela azaldu du Mendozak.
Aurreko legealdian egindako auzoetako batzarretatik datorrela zerbitzua duintzeko apustua nabarmendu du: “Auzoetako batzarretan herritarrek azaldu zuten kezka nagusietako bat izan zen zerbitzu honen funtzionamendua, eta hutsuneak antzeman genituen. Aurreko legealdian bestalde, hondakinen gaikako bilketaren gaineko hausnarketa egin genuen 2016rako hondakinen 560 gaika biltzearen garrantziaren inguruan”. Zerbitzua kontratatzeko baldintza agirian helburu horiek lortzeko hobekuntzak ezarri dituela udalak esan du Mendozak.
Garbiketa sistema eta aparatu berriak
Baldintzetan jasotzen denaren arabera, garbiketa sistema berria eta aparatu berriak erabiliko dituzte kale garbiketa egin eta hondakinak biltzeko. Horren harira, berrikuntza nabarmendu du alkateak, “ibilgailuen artean batek, ur beroa erabiliko du kaleak garbitzeko eta horrek hobeto egitea ahalbidetuko du”. Altzariak eta hondakin handiak biltzeko egutegi jakina badago ere, askotan ez dela hori errespetatzen eta altzariak edukiontzien ondoan izaten direla ere esan du Mendozak, “irudi hori desagerrarazteko, tamaina handiko hondakinak biltzeko arreta pertsonalizatua izango dute herritarrek”. Horretarako telefono zerbitzu pertsonalizatua jarriko dute martxan eta partikularrek deitzen dutenetik gehienez ere 12 ordura, bilketako zerbitzuak hondakinaren bila pasako dira, ordua zerbitzua eskatzen duen herritarrarekin adostuta.
Gaikako bilketarako atoi ibiltaria
Lehiaketara aterata sei hilabete inguru emango dituztela enpresa berria kontratatu eta zerbitzu berria eskaintzen uste du udalak. baina aurrekoak ez dira izango garbiketa eta hondakin bilketa zerbitzuak izango dituen hobekuntza bakarrak. Izan ere, garbiguneetara eraman beharreko objektuak biltzeko atoi ibiltaria ere eskainiko du. Azken hori bi astean behin auzoetatik pasako da gaika bil daitezkeen baina berariazko edukiontzirik ez duten objektuak biltzera. Ingurumen Aholku Batzordeak egindako proposamenari erantzuteko sortu dela ekimen hori zehaztu du Mendozak. Batzordeak garbigune txikiak jartzeko proposatu zuen auzoetan, “baina ez zitzaigun egokia iruditu eta neurri honekin, beraiek plazaratutako beharrari erantzun nahi diogu”.
Kaleen garbiketan zein hondakinen bilketan herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientzia ezinbestekoa dela gaineratu du alkateak, eta horren harira publizitate eta kontzientziazio kanpainak egingo dituela udalak aurreratu du.