Badia eskolako helduen antzerki taldea
Maitia zera ere antzezlana aurkeztuko du gaur Badia antzerki eskolako helduen taldeak Donostiako Kortxoenea gaztetxean.
Mehatxupean dagoen gaztetxea da Kortxoenea, Hustu egi nahi dute duela bost urtetatik hona gazteek autogestioan oinarrituta darabilten espazioa.
Badia eskolako kideen ustez, “espazio askea” da Kortxoenea, “kapitalik gabeko kulturan sinesten duena”. Haien antzeko taldeentzat ateak zabalik dituztela eta, beren lana han aurkeztea erabaki dute, iazko ikasturtean sortutako lanaren bidez, “kultura eta antzerki zaletasuna” zabaldu asmoz.
Hona sinopsia: “Zer da maitasuna? Kimika hutsa garela diote. Maitasuna. Modu batean danoi egin, eragin edo desegiten gaituena. Maitasuna. Maritxu eta Bartolo, Bartolo eta Maritxu. Emakumeak eta gizonak elkartzen garenean. Guk ere badaukagu istorio honen berri. Segi dezagun abesten”.
Antzerki taldeko kideek hurbiltzeko gonbitea luzatu diete “antzezlana Antxon ikusi ezin izan zutenei, antzerkia gustuko dutenei eta horrelako proiektuetan sinesten dutenei” .