San Miguel Ligako patroi onenak izateagatik saria eman diete San Juango lemazain Endika Perez eta Jon Ormazabali, Zarautzen egindako ekitaldian.

Bi sanjuandarrak, erdian eta zutik, sariekin. Argazkia: San Miguel Liga.
Atzo arratsean jaso zuten San Juan taldean aurten lemazain lanean ibili diren Endika Perezek eta Jon Ormazanalek La Caixa Patroi Onenaren Saria.
San Miguel Ligan egindako lanagatik saritu dituzte talde arrosako bi kideak, ligaren batzorde teknikoak datu objektiboak erabili dituelarik patroien lana neurtzeko, GPSak emandakoak: egindako metroak, ziabogak emateko denbora, edo ontziaren abiadura ziabogaren biraren ondoren.
Zarauzko Hondartza elkartean egin zuten sarien banaketa. Hala, bi sanjuandarrei garaikurra eta 3.000 euroko txekea eman zieten, Gipuzkoako Caixabank erakundeko presidente Gaxpar Guenberen eskutik. Bertan ligako patroi guztiak egon ziren, baita talde igo berrietakoak ere.
Garaikurra ez dute jabetzan izango, ordea, hura behin betiko lortzeko hiru alditan irabazi behar delako patroi onenaren saria. Sanjuandarren atzetik, aurtengo sailkapenean bigarren Gorka Aranberri (Urdaibai) eta Irakoitz Etxeberria (Orio) gelditu dira.
Aurreko urteetako irabazleak honakoak izan dira (2008an hasi ziren ematen patroi onenaren saria):
- 2008an, Irakoitz Etxeberria (Orio)
- 2009an, Ioseba Amunarriz (Hondarribia)
- 2010ean, Aitor Carrillo (Orio)
- 2011n, Asier Zurinaga (Kaiku)
- 2012an, Ioseba Amunarriz (Hondarribia)
- 2013an, Asier Zurinaga (Kaiku)
- 2014an, Vicente Carpintero (Zierbena)
- 2015ean, Endika Perez eta Jon Ormazabal (San Juan)