Lezoko udalbatzarra gatazkatsua izan zen atzo. LZPren kontra aurkeztutako bi mozioak ez ziren aurrera atera.
Herritarrak, LZPren kontrako mezuekin, udalbatzarrean
[
Lehen zatiaren jarraipena]
Behin zer eztabaidatu erabakita, eztabaidaren unea iritsi zen. Udalbatzarraren lehen zatiaren kronikan esan bezala, bi bilkura egin ziren, bat EH Bilduren mozioa aztertzeko, bestea herritarrenaz gogoeta egiteko. Biak ala biak Lurraldearen Zatikako Planaren (LZP) gainekoak ziren.
EH Bilduren mozioa hiru puntukoa zen. Bertan honakoa eskatzen zen: alderdi politiko, teknikari eta herritarren arteko batzordea sortzea LZPren gaineko gogoeta egiteko, horren ondorioak udalak bere gain hartuz; LZPren gaineko informazio “osoa” eskuratzea eskatzea, “benetako azterketa eta eztabaida bat eman dadin, eta alegazioak behar moduan prestatzeko aukera egon dadin”, eta alegazioak aurkezteko epemuga —azaroaren 15a— juridikoki etetea eskatzea erabakia har dezala udalak; eta hirugarrenik, “Lezorako beste eredu bat bultzatzea” Urrulloko transformazio zentroaren alde eginez, eta Gaintxurizketako Plan Bereziari azken onarpena emanaz. Mahai gainean, hiru eskaerak.
Horren aurrean, PSE-EEren zinegotzi Jose Angel Sanchezek esan zuen herritarren parte hartzearen alde dagoela, baina Lezoko Udalak ez duela horiek aurrera eramateko araudirik, “hortaz, ez dut ikusten batzorde batek hartutako erabakiak udalak bere balira bezala hartzea”. Aldi berean, LZPren informazioa badagoela esan zuen, hainbat euskarriren bidez kontsulta daitekeena. Urrulloko eta Gaintxurizketako lur eremuei buruz esan zuen aldundiaren jabego direla, eta ez direla urbanizagarriak.
Bere aldetik, Kepa Garbizuk EAJren izenean hainbat zalantza agertu zituen, batez ere LZP aztertzeko batzordearen partaideen kopuruari dagokionez, edo batzorde honek hartutako erabakiak udalbatzarrak aldatu ahal izango ote dituen. Aldi berean, esan zuen LZPren gaineko informazioa udalaren eskuetan egon dela legezko epeen barruan, beraz, alegazioak aurkezteko epearen atzeratzearekin ez daudela ados jeltzaleak. Gainera, Urrulloko nahiz Gaintxurizketako planen gaineko udalbatzar bereziak egitea proposatu zuen alkateak, horietarako proposamenak landuko dituztela.
EH Bilduko Ainhoa Zabalok udal batzordeen defentsa egin zuen, jai batzordea eredutzat jarriz: “Baina azkenean esan nahi duguna da LZP Lezoko herriarentzat ez dela ona, herritarrek hori badakite, eta herritarrei hitza eman behar diegu, haiek, informazioarekin, erabaki dezatela zer den ona edo ez Lezorentzat, eta alegazioak aurkezteko erabakia hartuko balitz, udalak bere egin ditzala”. Informazioari dagokionez, Zabalok esan zuen udalak planoak edo informazio orbanak badituela, baina ez “informazio osoa”, hau da, Jaurlaritza LZP egiteko zertan oinarritu den ez dakiela. Eta hori larritzat jo zuten Zabalok eta Mikel Arrutik (EH Bildu), “hori da eskatzen duguna. Zertan oinarritu dira LZP egiteko?”. Zabalok informazioari buruz esandakoa berretsi egin zuen Xubero Ubillos EAJren zinegotziak, eta hori eskatu duela behin eta berriro, baina ezinezkoa izan zaiola informazio zehatzagoa lortzea, nahiz alegazioak aurkezteko epeen gainean negoziatzea, “nik badakit hori ez dugula lortuko”. Eta erantsi zuen: “Lezo toki estrategikoa dela erabaki dute. Erabaki politikoa da. Horrek laburbiltzen du LZPren gaia”. Alkateak esan zuen, bere aldetik, LZPren informazio eskasa izan arren, alegazioen epea ez duela eskatuko luzatzea.
Lezo eta Irun
Hor atera zen eztabaidako mamia. Arrutik esan zuen LZPren helburua dela, 2o11ko martxoan hainbat erakundek hartutako erabakiaren arabera (Espainiako Gobernua, aldundia, Jaurlaritza, Adif eta Irungo Udala horien artean), Irundik tren azpiegiturak kentzea, Gaintxurizketan ezartzeko, “Lezo kontuan hartu gabe. Ez gintuzten ezertarako abisatu”. Eta eztabaidaren mamia “Lezoko lurren defentsan” jarri zuen EH Bilduk, gainontzeko alderdietako ordezkariei eskatuz haiek ere, alderdien interesen gainetik, “Lezoko lurraren, herritarren, enpresen” defentsa egin dezatela, “eta hori zuen alderdien barruan egin dezakezute. Beste herrietan ere horrela egiten dute”. Baina EH Bilduk besteei leporatu zien gaia luzatzen joatea, alegazioen epea bukatu arte, “herriaren aurrean konpromisorik hartu gabe. Hori lotsagarria da”.
Herritarren partetik ere interbentzioak izan ziren. Gehienen zentzua izan zen udalak Lezo defendatu behar duela, udalerriaren lur eremuak defendatu behar direla. Honakoak herritarrek esandako esaldi batzuk: “Irunen interesak lezoarren kontra daude orain. Santanoren interesak defendatuko dituzue?”; “Zuen alderdien barruan ere egin dezakezue Lezoren defentsa hori. Hemengo interesak defendatzen dituzue? Ez. Kanpokoenak dira interes horiek”; “Gu defendatzeko zaudete zuek. Baina ikusten da ezetz. Zer egin behar dugu orain herritarrok?”; “Lezoren interesak defendatzen badituzue, jendea ondoan izango duzue. Ez da alderdien kolorearen araberako gai bat. Lezo defendatzea da gaia, zuen alderdien aurrean hori defendatzea ez da zaila. Gureak bezain zuenak dira lur horiek, egin ahalegina”.
Politikoen eta herritarren hizketaldien ondoren, bozketaren unea iritsi zen, EH Bilduren mozioarena. Koaliziokoek euren testuaren alde egin zuten (6 boto), eta EAJk eta PSE-EEk kontra (zazpi). Ez zen aurrera atera, beraz, mozioa.
Herritarren mozioa
LZPren gainean
herritar talde batek aurkeztutako mozioa aztertu zen ondoren. Bertan eskatzen zen, laburtuta, parte hartze prozesua abiatzea “benetako informazioa, eztabaida, eta gizartearen parte hartzerako aukera emateko, eta bizi garen lurraldearen antolaketa ereduari buruz erabakitzeko aukera izan dezagun”, eta Lezoko Udalak ez ditzala utzi “besteen eskuan” herriarentzat estrategikoak diren erabakiak, “udalak defenda dezala bere lurraldea antolatzeko duen eskumena, eta egin ditzala beharrezkoak diren ekimenak, alegazioak aurkeztuz, hori egiteko”.
Mozioaren asmoa azaldu ondoren, herritar taldearen kideek esan zuten, kanpoko kaiarekin gertatu bezala, estrategikoak diren gaiak denborarekin aldatzen direla, “eta argi dago LZP ez dela estrategikoa lezoarrentzat. Kanpokoentzat bai. Hori da kontua. Lezoarrak baldin bazarete —esan zien herritarrak EAJko zinegotziei—, saiatu behar zarete erabaki gunea hemen egoten. Aitortu duzue Lezorentzat eragin kaltegarria duela LZPk. Izan zintzoak horrekin, horren arabera jokatu. Nork erabaki du Lezo-Gaintxurizketa estrategikoa dela? Negozioa herritarren interesen gainetik jartzen dutenek”.
Herritarrek gogorarazi zioten alkateari asmoa duela hondakinen bilketaren gaiarekin galdeketa egiteko: “Zergatik gai horrekin bai galdeketa egin, eta gure ustez askoz transzendetalagoa den LZPrekin ez duzue jarrera berdina?”. «Denok kontraesanak ditugu», erantzun zuen alkateak.
Alta, herritarren mozioa ere ez zen onartu, EH Bilduren mozioaren bozketaren emaitza berberarekin: zazpi (EAJ+PSE) seiren kontra (EH Bildu). Herritarrek mozioaren kontra bozkatu zietenei esan zieten “gerora gertatuko denaren erantzukizuna zuena” izango dela.