EH Bilduko hautetsiak, lehengo astearteko plenoan
“Presaren presaz” aritzea, herritarren “parte hartzea oztopatzea”, eta “informazio ezkutatzea”. Horiek guztiak leporatu dizkio EH Bilduk gobernu taldeari. Oso kritiko agertu da koalizio abertzalea hondakinak biltzeko sistema aldatzeko hartu dituzten erabakiak baloratzerakoan.
San Pedron eta Trintxepen aste honetan bertan kendu dituzte atez atekorako erabili izan diren esekitokiak, eta hango bizilagunak edukiontzietara ari dira jaisten jada hondakinak. EH Bilduk salatu duenez, baina, “presaren presaz”, toki askotan edukiontzi berdea baino ez dute jarri, eta “garai bateko argazkia” errepikatu dela salatu dute, azken egunotan “edukiontzi berde orojalea gainezka” ikusi ahal izan dela salatuz.
San Pedron organikoa bereizten jarraitu nahi duten herritarrak, bestalde,
giltza jasotzeko aukera, soilik goizez izango dutela salatu dute, eta biltzen den hondakin gehiena organikoa izanik –%40 EH Bilduk dioenez–, edukiontzi marroia guztietan txikiena izatea deitoratu dute.
Kontrol neurririk ez
Giltzaren sistema ezbaian jarri du EH Bilduk, udal arduradunek bilketaren jarraipenik ez dutelako egingo sinetsita baitago: “Giltzaren bitartez, ez da inongo kontrol neurririk hartuko hondakinen banaketa arduratsua babesteko”, kexatu diira.
Era berean, “mingarritzat” jo du udal gobernu taldeak
birziklatu zalantzarik gabe izenburupean abiatu berri duen sentsibilizazio kanpaina. Etxeetara banatu duten propaganda “panfleto ziztrintzat” jo dute, eta aurretik etxeetara banatu zuten gida askoz ere informazio zehatzagoa ematen duela defendatu. “Erantzukizunez jokatu duten herritarrek oso ondo dakite dagoeneko nola banatu sortzen den hondakina” kexatu dira, eta zalantzaren kasuan “aurki kaleratuko dituzten Garbitxokoetako langileengana” jotzeko aukera bazutela defendatu.
Herritarrak informatzeko eskaera
Udal Gobernu Taldea “herritarren informaziorako eskubidea zapuzten” ari dela salatu du EH Bilduk, eta bilketa sistema aldatzeak suposatuko duena herritarrei azaltzeko eskatu dute. Izan ere, birziklatze tasa %70tik gorakoa izatea lortu ondoren, “gobernuaren arduragabekeriarengatik berriz ere tarte luze batean” ez direla antzeko emaitzak lortuko uste du EH Bilduk. “Atzera pausu ikaragarri baten aurrean gaude”, salatu dute.
Azkenik, gogor gaitzetsi dute aurreko legegintzaldian galdeketa eskatzen aritu direnek orain ez kontsultarik ez eta parte hartze prozesutik ez egitea, eta beren kanpaina gezurrean eta iruzurrean oinarritu dutela salatu: “Aurreko legealdiko parte hartze prozesuak salatu ondoren, ikusten hasi gara zein den EAJ eta PSE-EEren eredua”, kexatu dira, gaur egun gobernuko kide Diego Leoneteri berak gidatutako mobilizazioetan aldarrikatutakoak gogoraraziz.