Elkarte berria, azken urteetan bizitzen ari diren gainbeherari aurre egin nahian sortu dute.
Maixabel Alfonso, Juanjo Bellido, Mari Carmen Chanca, eta Asier Zaldua
EMKT Errenteriako Merkatua Elkartea sortu dute gaur egun azoka barruan saltokiak dituzten hamalau merkatariek. Frutadendak, arraindegiak eta harategiak biltzen dira une honetan azoka barruan eta elkarte berria, azken urteetan bizitzen ari diren gainbeherari aurre egin nahian sortu dute. Elkarte berriaren zuzendaritzak eman ditu azalpenak gaur eguerdian egin duen agerraldian. Asier Zaldua presidentea, Juanjo Bellido bokala, mari Carmen Chanca bokala, eta Maixabel Alfonso idazkaria izango dira hamalau saltokietako merkatarien ordezkariak.
Bellidok esan duenez azken urteetan beherakada handia izan dute salmentetan, eta zerbait egiteko beharra somatu dutela gaineratu du, “horregatik erabaki dugu EMKT Errenteriako Merkatua elkartea sortzea, herritarrenganaino heldu, eta azokan erosketak egin ditzaten animatzeko”. Datu zehatzik ez dute eman, baina Zalduan hitzetan ia bezeroen erdira jeitsi da azoka azken bi urtean. Horren atzean dauden arrazoiak ere argi dituzte, “krisia dago batetik, baina baita erosketa ohiturak”. Adineko jendeak ohitura baduela azokako saltokietan erosketak egiteko esan dute laurek, baina jende gazteak beste ohiturak dituela esan dute, “merkatalguneetara joaten dira, ez dute garai batean azokara etortzeko zegoen ohitura mantendu”.
55 urtetik gorako bezeroak
Errenteriako azokan erosten duten bezeroen bataz besteko adina 55 urtekoa dela esan du Zalduak, “bataz besteko adin hori jaistea da helburua, jende gazteagoarengana iristea, euren kontsumo ohituretan eragin eta azokara hurbiltzea”. Elkartearen logoarentzat Errenteriako Merkatuaren irudia baliatu dute, “uste dugulako ez dela nahikoa ezaguna herritarren artean, edo ez dugula nahikoa zabaldu”. Bezeroak hurbiltzeko ekintza plana zehaztu gabea badute oraindik ere, hainbat ideia aipatu dituzte gaurko agerraldian. Azaroarekin batera sare sozialak astintzen hasiko da merkatarien elkarte berria, “Facebooken profila sortuko dugu eta martxan jarri. Bertan merkatuari dagozkion berriak zein Errenteriarekin harremana duten albisteak zabalduko ditugu”.
Pintxo dastaketa antolatzeko asmoa ere badute. Azokan bertan eros daitezken produktuak erabilita hainbat pintxo prestatzea da asmoa eta horri ziurrenik azokaren 10. urteurrenaren barruko festan kokatuko lukete. Izan ere, hamar urte bete ditu aurten merkatu berriak eta ez da oraindik ospakizunik egin horren harira.
Hurbiltasuna eta kalitatea nagusi
Chancak eta Zalduak Errenteriako Merkatuaren postuetan erostea hurbiltasun eta kalitatearen sinonimo dela esan dute, “bezeroa aholkatu egiten dugu, zuzeneko harremana dugu, bere gustuak ezagutzen ditugu eta gainera erosten duten produktua kalitatezkoa da”.