Lehengo astearteko plenoan adostu zuten hurrengo urterako zergen ordenantza
2016an, Pasaian, zergak eta tasak ez dituzte igoko. Hala adostu zuten lehengo
astearteko udalbatzarrean, 2016. urterako zerga-ordenantzen aldaketa behin behinean onartuta. Erabakia nabarmendu nahi izan du gaur gobernu taldeak prentsa ohar bidez.
Horrez gain, bi berritasun jakinarazi dituzte. Batetik, gaur gaurkoz etxebizitza hutsei ezartzen zaien OHZren %150eko errekargua bertan behera geratuko dela iragarri dute. Bestetik, ohiko etxebizitza oinordetzan jasotzen denean, gainbalioari %50eko hobaria ezarriko diotela jakinarazi dute.
“Etxebizitza hutsei ezartzen zitzaien OHZren %150eko errekargua kenduta, pasaitar askori haserrea eta arazoak eragin dizkien egoera bati amaiera emango diogu”, esan dute gobernu taldeko kideek. “Neurria dirua biltzeko helburu hutsa” zuela iritzi diote PSE-EEk eta EAJk, eta “onartezina” iritzi diote horri, “udalerriak duen egoera ekonomiko eta urbanistikoa kontuan hartuta”.
Oinordetzan jasotako etxebizitzen gainbalioan %50eko hobaria ezarriz ohiko etxebizitza norbere izenean jartzean sortzen den “egoera arindu” nahi izan dutela azaldu dute. “Horrek alargunei eragiten zien”, zehaztu dute, “ezkontideetako bat hiltzean, besteak bere ohiko etxebizitzaren % 50 jasotzen du oinordetzan, eta haren izenean jartzeko gainbalioa ordaindu behar” izaten duelako.