Egun osoko festa antolatu dute gazte antxotarrek, eta Ibaiondo pilotalekua estreinatuko dute, herri bazkaria eta rock kontzertuarekin.
Gazteak, festarako kaleratu dituzten elastikoak soinean, jaiaren aurkezpenean
Buru belarri lanean ari dira Antxoko gazteak larunbateko festan dena behar bezala irten dadin.
XXX. urteurrena ospatuko dute, egun osoko jaiarekin. Urte hauetan guztietan gaztetxetik pasatu diren gazteak eta ez hain gazteak biltzea da asmoa.
Egunerako propio kaleratu duten elastikoa, asko saltzen ari dira azken egunotan, eta larunbatean jendetza biltzea espero dute.
Jaia handia izango denez, egitekoak ere asko dira, eta laguntza eskatu dute gazte asanbladakoek. Ostiralerako luzatu dute lehen deialdia. 16:00etan elkartuko dira Ibaiondon, muntaiarekin hasteko. Izan ere, pilotaleku berrian izango dira larunbatetarako antolatutako asko, herri bazkaria eta kontzertua kasu.
Igandean ere Ibaiondon biltzeko deia egin dute. 15:30ean elkartuko dira, guztia bildu eta txukun-txukun uzteko.
Bien bitartean, bazkarirako txartelak ostegunera arte Kamio, Mimos, Izadi, Dani eta Leunda tabernetan eros daitezkeela gogorarazi dute. Aukera beganoa ere eskainiko dute. Kasu horretan, Leundan erosi behar dira bazkarirako txartelak.
Egitaraua
11:00: Jolasak zumardian
13:00: ekitaldia zumardian.
14:30: Bazkaria Ibaiondo frontoian. Ondoren kantaldia.
Jarraian; Pasai txaranga herrian zehar.
22:00: rock kontzertuak Ibaiondon: Los zopilotes txirriaos, altxatu eta tximeleta plaza taldea. Ondoren DJ txorimalo (ez dela bakarrik etorriko iragarri dute gazteek).