#aldeguregorputzetatik traola erabiliz, emakumeek bizi izan dituzten erasoak sare sozialetan zabal ditzaten lortu nahi dute
Harremantxoko kideak, azaroaren 25era begira landu duten kanpainaren aurkezpenean
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna gerturatzen ari denez –azaroaren 25ean da–, Harremantxok emakumeek “urteko 365 egunetan pairatzen dituzten erasoak” salatu nahi ditu.
Horretarako kanpaina berria abiatu du, eta deialdia luzatu, #aldeguregorputzetatik traola erabiliz, emakumeei bizi izan dituzten erasoak argazki bidez salatzeko eskatuz. Erasoak azaleratu, zabaldu eta sare sozialen bidez salatzea da kanpainaren asmoa.
Larunbat goizean, Antxoko zumardian egongo direla iragarri dute Harremantxoko neskek, “nahi duten guztiei argazkiak ateratzen”.
“Nazkatuta gaude gutxietsiak izateaz”, salatu dute,” irainduak gara batzuetan, ikusezinak bestetan, jipoituak, bortxatuak, isilaraziak…”, gaineratu. Emakumeei beren gorputzak beren bizitzaren erdigunean jartzeko gonbitea luzatu diete, beren gorputzen gaineko erabakiak beste inoren esku utzi gabe.