"Gai honekin hautsak astintzen ibilitako norbanako, alderdi eta erakundeei gogoeta" egiteko eskatu die koalizio abertzaleak
Torreatzeko trafiko araudiak hautsak harrotu ditu San Pedron
Torreatzeko trafikoaren auzian, epaitegiak Pasaiako Udalaren alde egin duela jakinarazi du EH Bilduk. Koalizio abertzaleak jakitera eman duenez, aste honetan jakin dute epaitegiek udalaren alde egin dutela behin betiko.
Ika mika handia piztu du gaiak San Pedroko barrutian, besteak beste, eskuduntza Portu Agintaritzarena zela defendatu duenik izan delako. Epaitegiek, aitzitik, EH Bilduk aurreko legegintzaldian defendatutakoaren alde egin du, eta eskuduntza udalarena dela ebatzi du. “EH Bilduren gobernuak, beraz, egia esan zuen”, defendatu dute.
Eskaera bat ere helarazi dute, auzi honetan udalaren kontra agertu izan direnei zuzenduta: “Azken hilabetetan arrazoi politiko, ekonomiko edo dela delakoengatik, gai honekin hautsak astintzen ibilitako norbanako, alderdi eta erakundeei gogoeta egin dezatela eskatu nahi diegu, erantzukizunez jokatu dezaten. Udala eta Portu Agintaritzaren artean edota oinezkoen eta ibilgailuen artean errespeturik ez badago, ez dago elkarbizitzarik”.