Alabergan irisgarritasuna hobetzeko proiektua azalduko die udalak bizilagunei
Bi igogailu publiko jartzea eta urbanizatze osagarriaren proiektua azalduko die udalak orain Alabergako bizilagunei. Horretarako bilera deitu du ostegunean, hilak 19, 19:30ean auzo elkartean
Alabergan irisgarritasuna hobetzeko proiektua abiatuko du udalak. Zehazki, auzo hori eta Kaputxinoak lotuko dituen bi igogailu jarriko dituzte, eta datorren urteko aurrekontu proposamenaren barruan lehentasunezko gaia da. Bi igogailu publiko jartzea eta urbanizatze osagarriaren proiektua azalduko die udalak orain Alabergako bizilagunei. Horretarako bilera deitu du ostegunean, hilak 19, 19:30ean auzo elkartean. Alaberga eta Kaputxinoetako goiko aldea lotuko dituen igogailuaren lehenengo fasea abian dagoela esan zuen Mendozak aurrekontu proposamena aurkezteko agerraldian. Lanek 1.600.000 euroko aurrekontua izango dute eta 2017 urterako amaituta izango direla aurreikusi dute. Bi igogailu jarriko dituzte bi auzoen artean, eta Alabergako beheko aldea eta goikoa lotuko ditu lehenak, eta Alabergako goiko aldea Kaputxinoak auzoarekin bigarrenak. Lehenengo igogailua Alabergako elizaren behealdean kokatuko dute, eta jubilatuen egoitzaraino helduko da. Inguru horretan bizi diren auzotarren irisgarritasuna erraztearekin batera, elizara, jubilatuen egoitzara, goikaldeko etxebizitzetarako irisgarritasuna ere hobetuko du.