Topoaren ibilbidearen gaineko mozioa landu du udalak, eta bertan, trazatua lurpekoa eta bide bikoitzekoa izatea eskatuko du.

Topoaren kotxetegia Gaztañon
Lurraldearen Zatikako Planak Errenteria-Oreretarengan izan dezakeen eraginarekin kezkatuta dago udala, eta horren harira, hainbat neurri hartu dituela jakinarazi du. Joan den astean bilera deitu zuen herritarrekin, eta mozio proposamena ere egin du gaiaren gainean. Topoaren ibilbidearen gainekoa da mozioa, eta bertan, trazatua lurpekoa eta bide bikoitzekoa izatea eskatuko du. Udalerriaren erdigunetik pasatzearen arazoa konpontzeko bide bakarra hori dela esan du udalak, “Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) barruan aurreikusitako trazatua da aukerarik onena, bestelako konponbide orok eragin negatiboa izango du gure herrian”.
Izan ere, 2011. urtean hala jasotzen zen Lurraldearen Arloko Planaren barruan, baina 2015ean hasierako onespena jaso zuen Lurraldearen Zatikako Planaren barruan ez dela topoa lurperatzea aurreikusten azaldu du udalak.
Galtzarabordako geltokiraino doan topoaren ibilbidea lur azpikoa izatea eta handik aurrerakoa agerikoa “bidegabea” dela errenteriarrentzat gaineratu du udalak, “gainera, egungo trazatua mantentzeak dauden zarata arazoak areagotzeaz gain, trenbidea zenbait eraikin publiko zein pribatuetatik gertuago igarotzea, aparkalekuak desagertzea, eta 800 metro koadroko udal eraikin bat desagertzea ekarriko luke”.
Gaztañoko pasabidea, “anakronikoa”
Horri guztiari, Gaztaño auzoko trenbide pasabidearen egoera gaineratu dio udalak, “arriskutsua izateaz gain anakronikoa dena”.
Mozioan eskaera zehatza egingo du udalak. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari 2011. urtean hasierako onespena izan zuen LAPeko trazatuaren alde egiteko, hain zuzen ere, “Errenterian lurpekoa eta bide bikoitzekoa izatea aurreikusten zuen horrek. Horrela eginda, egungo topoaren trazatuak eragindako arazoak konpontzeko baliabide guztiak jarriko liratekeelako”. Erabaki hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegitura Departamenduari eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari jakinaraztea eskatuko du udalak mozio beraren bigarren puntuan.