Antxoko ia elkarte eta eragile guztiek San Tomas azoka antolatu dute hilaren 19rako. Goizean zehar, hogei postuez gain, musika eta dantza giroa egongo da.
Armonia elkartean aurkeztu zuten San Tomaseko azoka
Hurbiltzen ari da negua, eta urtaro horren etorrera ospatzeko asmoz, San Tomas azoka antolatu dute Antxon, hilaren 19an. Atzo aurkeztu zuten egitaraua, Armonia elkartean. Juan Olaldek jakinarazi zuenez, Gure Zumardian egingo duten festa antolatzeko barrutiko elkarte gehienak elkartu dira. Horrez gain, Pasaia-Lezo Lizeok ere bat egin du. “Giro polita sortzen da, eta herriko eragileak asko inplikatzen dira”, gaineratu zuen.
Festak egun osoa irauten duen arren, azoka goizean izaten da. Horrela, 10:00etatik aurrera, eta eguerdira arte, Lizeoko haurrek ikuskizunak eskainiko dituzte. Eurez gain, Alkartasuna eta Alkarkide dantza taldeetako kideek zein kantujirak girotuko dute Antxoko plaza nagusia.
Hogei artisau
Josean Garciak azaldu zuenez, hogei artisau inguru bilduko dira Gure Zumardian. “Bizkaiko jendea etorriko da, falkoneriakoek ez dute hutsik egingo, Behemendikoak hemen izango dira… Barrutian artisauen produktuak saltzen dituztenek ere presentzia izango dute”, zehaztu zuen Garciak. Sagardoa, taloak eta txistorra ez dira faltako, barrua berotzeko. Taloekin jasotako dirua Seaskari bideratuko diotela jakinarazi zuen Olaldek.
Azoka bukatzean, gabonetako saski baten zozketa egingo dute. 14:00etatik 14:30erako bitarte horretan izango da. Aurten zozketarako txartel gutxiago saldu direla onartu zuen Garciak, eta horregatik udalari laguntza ekonomikoa eskatu beharrean izan direla jakinarazi zuen. Kontuak kontu, ziur antxotarrek eta ingurukoek bultzada emango diotela aurtengo San Tomas azokari, gozatuz.