Koalizioak salatu du ordezkari politikoentzako gastua igo dutela, euskara, parte hartzea eta enplegu planen kaltetan.
Aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztu du EH Bilduk
“Pasaiak behar duenaren kontrako norabidean”. PSE-EEk eta EAJk osatzen duten gobernu taldearen aurrekontuak horrelakoak direla uste du EH Bilduk. Koalizioaren esanetan, jarrera hori
zerga eta tasak aztertu zituzten plenoan “argi utzi” zuten. “Gehien aldeko babesa agerian utzi zuten”, gaineratu du EH Bilduk, “eta aurrekontu hauekin joera hori areagotu egin da”. Aurrekontuek “eskuinera” egin dutela uste dute.
Euren ustez “atzerapausoa” erakusten duten adibideak jarri dituzte ezkerreko subiranistek. “Gobernu honen lehentasunik garrantzitsuena gobernuko kideen soldata igotzea izan da”, salatu dute. Horrela, adibide batzuk zerrendatu dituzte: “Goi Karguen Ordainsarien kontu sailean 25.408 euro gehiago; Protokolo Arretak eta Ordezkaritzakoan, 18.000; Talde politikoentzako transferentzietan, 4.965 eta Goi karguen asistentzia dietetan, 2.000 euro gehiago”. EH Bildurentzako diru partida “kezkagarriena” Kreditu Globala izenekoa da, “alkateak 68.378 euro izango dituelako nahieran xahutzeko”.
Koalizioak salatu du diru partida horiek handitzeko beste toki batzuetatik kendu dituztela: Euskarazko hedabideentzako laguntzetatik eta euskara sustatzeko jardueretatik, herritarren parte hartzetik eta enplegu planetatik. Euren ustez, aurrekontua atzera botatzeko arrazoi nahikoak dira horiek. “Gobernuak legealdirako duen helburuen berri ez dugu, baina alderdi txarrenak agerian geratzen ari dira, orain arte hartutako neurriekin, zein aurrekontu proiektuarekin”.