Hilaren 29rako Borondateen Kriseiluak iniziatiba antolatu du Donibaneko Gure Esku Dagok. Bultzada eman nahi diote erabakitzeko eskubideari.
Abenduaren 29rako ekitaldi berri bat antolatu du Donibane Gure Esku Dagok.
Donibaneko Gure Esku Dagok Borondateen Kriseiluak izeneko iniziatiba antolatu du hilaren 29rako. Donibaneko zerua urte berrirako desioak jasotzen dituzten kriseiluekin bete nahi dute, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko amets helburu.
“Erabakitzeko eskubidearen gaia lokatzetatik ateratzeko sortu zen Gure Esku Dago, 2013ko ekainean”, gogorarazi du Donibaneko GEDek. Azken bi urteetan hainbat ekitaldi egin ditu Gure Esku Dagok, herri zein nazio mailan. Hala ere, ohartarazi dute ez zirela “urteetan zehar aldarrikapenak egiten” aritzeko. “Erabakitzeko eskubidea praktikara eraman nahi dugu guk”, zehaztu dute. Azaldu dutenez, aldarrikapen aroaren ondoren “erabakiarena” hasi dela esan dute. “Aro berri honen lehen erakusgarri izango dira Goierri, Ispaster eta Dima, 2016an herri galdeketak egiteko erabakia hartu baitute jada”, gaineratu dute.
2016a indartsu hasi nahi du Donibaneko GED-k, eta horretarako bultzada eman nahi diote. Orain arteko ekitaldietan parte hartu ez dutenengana ere iritsi nahi dute, eta horrela, hilaren 29ko ekitaldira ere gonbidatu dituzte. Kriseiluak salgai jarriko dituzte datozen bi igandeetan —hilaren 20an eta 27an— Donibaneko Santiago plazan. 12:00etatik 14:00etara izango dira bertan, eta kriseilu bakoitzak 2,5 euro balioko ditu.