EH Bilduren osoko emendakina ez dute onartu, bai ordea euren eta Pasaia Ahal Duren banakako batzuk. Donibaneko liburutegia ere izan dute aztergai.
Ezohiko batzarra egin du Pasaiako Udalbatzak gaur arratsaldean. Luze jo du plenoak, PSE-EE eta EAJk osatutako gobernu taldearen aurrekontuak —eta oposizioak jarri dizkien emendakinak— aztertu dituzte. Izaskun Gomez alkateak adierazi duenez, “zuhurtziaz” osatu dituzte aurrekontuak, zorra handitu ez dadin. Inbertsio gutxi aurreikusi dituzte, baina “egon, egongo direla” ziurtatu du Gomezek.
Manuela Nicolas PSE-EEko zinegotziak (erdian, beltzez) kargua hartu du gaur
Lehenik eta behin,
EH Bilduren osoko emendakina aztertu dute, hori egin duen talde bakarra izan baita. Oihane Oronoz zinegotziak hiri hondakinen kudeaketa “pribatizatzea” salatu du, “udalak sortutako enplegua deuseztu eta San Marko Mankomunitatearen eskuetan utzi duelako”. Gainera, portuaren kasuan, erabakiak “Pasaiatik at” hartuko direla iritzi du ezkerreko koalizio subiranistako zinegotziak. Euskarazko hedabideei —HITZAri erdia— diru partida gutxiago bideratuko zaiela ere kritikatu du —”lehentasunak beste partida batzuetan” jarri ditu gobernuak—, baita ere aldenduta dauden presoen laguntza kentzea ere. Aurreko agintaldiko gobernu taldearen oinordetza aldarrikatu du: “Kontu saneatuak jaso dituzue eta zorra erdira murriztu genuen. Kritikak jasan genituen, baina zerikusirik izango dugu…”.
EAJko Nahikari Oterminek erantzun dio “soberakina uzteak ez duela esan nahi kudeaketa ona egin zenutenik”. Horrez gain, alkateordeak erantzun dio ez dutela onartuko Pasaiaren alde lan egiten ez dutela egoztea. “Aurreko agintaldian bezala, EH Bilduren eta gure taldearen artean ezberdintasun handiak daude”, gaineratu du.
Alkateak ere izan ditu EH Bildurentzako hitzak. Kreditu globala defendatu du, “aurrekontuen eraginkortasuna” bermatze aldera. Gainera, koalizioari egotzi dio portuaren gaineko erabaki garrantzitsuetan iheskor aritu zirela pasa den agintaldian. Horrez gain, Ondasun Higiezinen Zerga murriztea eta gainbalioa kentzea “aberatsei bakarrik eragiten ez diela” argudiatu du. Osoko emendakinaren alde EH Bilduk bakarrik bozkatu du, gobernu taldearen kontrako botoekin.
Oposizioaren emendakinak
Ondoren, banakako emendakinak aurkeztu dituzte oposizioko bi taldeek, banan-banan. Gobernu taldeak ezetz esan die gehienei, baina batzuk kontuan hartu ditu. Gomezek akordioetara iristeko prestutasuna eskertu die EH Bilduri zein Pasaia Ahal Duri.
EH Bilduren emendakinetatik nesken kirola sustatzekoa onartu dute, baita udalerriko merkataritza bultzatzea ere. Pasaia Ahal Duk egin dituen proposamenetatik honakoek jaso dute babesa: Boveda eta Gatubihotz elkarteari partida handitzea, baita Pasaia Kirol Elkartearena ere. Gatubihotzen bozketan ez du PSE-EEko zinegotzi batek parte hartu, gurasoak elkarteko kide dituelako, eta beste hainbeste egin du Pasaia KE-renean zinegotzi jeltzale batek, klubeko kutxazaina delako. Azkenean, sozialista eta jeltzaleen aldeko botoekin atera dira aurrera aurrekontuak.
Donibaneko liburutegia, txikiagoa
Arizabalo jauregira jende gehien hurbilarazi duen puntua Donibaneko eraikin balioanitzarena izan da. Laugarren faseko obrei hasiera eman behar zieten, diru laguntza lortzeko beranduegi ez zedin izan. Bertan, besteak beste, liburutegi berria egitea aurreikusita dago. Donibaneko Liburutegiaren Aldeko Batzordeak (DLABek) deia egin zuen udaletxera hurreratzeko, eta bertan izan dira dozena pasatxo sanjuandar.
DLABeko ordezkari batek proiektuaren bi alde bereizi ditu: arkitektonikoa, batetik, eta aurrekontuari, eta ondorioz, langileei, dagokiena. Bigarren puntu horretan, liburuzaina lanaldi osora pasatuko duten galdetu dute. Aurreko gobernu taldearekin DLAB elkarlanean aritu zela gogorarazi du, eta Donibanen “XXI. mendeko liburutegi” bat izateko akordioa lortu zutela.
Miriam Cano barrutiko alkateordeak erantzun dio espazioa murriztu dutela, “500 metro koadro gehiegi direlako Donibanerentzako”. Gainera, tamaina horren mantenuak “pertsonaleko gastu handiak” izango lituzkeela esan du. Hala ere, proiektua albo batera utzi ez dutela berretsi du, baina toki batek funtzio bakarra ez izatea defendatu du.
Publikotik arrapostu eman diote badaudela zurrumurruak murriztutako espazio hori jatetxe izateko bideratuko dutela. Zer egiteko asmoa duten argi azaltzeko momentua eta tokia zela esan diote Canori, baina ez dute ezer zehatzik jaso. “Berdimentsionatzea erabakita dago; zer egin, ez”, azaldu du Canok. Izaskun Gomez eztabaidan sartu da, eta plenoko puntuak obrei hasiera emateko bakarrik dela esan du. Hala egin dute, eta hurbildu diren sanjuandarrek pleno aretoa utzi dute, jasotako erantzunarekin ez oso pozik.