Aranederreko kirol eremua berritzeko proiektua aurkeztu dute
Udalerriko kirol eremu handiena da, baina erabilpen urria du. Hainbat kiroletarako kantxak eta bestelako eremuak jartzeko proiektua egin nahi dute.
Trintxerpeko Araneder kirol eremua udalerriko handiena da, 3.300 metro koadrorekin. Erabilpen “urria” du, udalaren arabera: “Bandalismoa jasaten du, eta erabiltzaileek batzuetan behar bezala erabiltzen ez dutelako, hiri altzariak askotan aldatu behar dira”. Horregatik, kirol eremua berritu nahi dute, eta proposamen bat landu du udaleko kirol teknikariak. Helburua kirol eremu balioanitza sortzea, “edozein adineko pertsonek jarduera fisikoa areagotu dezaten”. Araneder “kirol edukiontzi” ez ezik, handik kanpoko kirol jardueren “dinamizatzaile” izatea nahi dute.
Horretarako, hainbat kirol praktikatzeko kantxa eta eremuak atonduko dituzte, proiektuaren arabera: belar sintetikoko futbol 7 zelai bat; saskibaloi kantxa; irristaketarako gune bat; tenis kantxa bat; haurrentzako jolas tradizionalak dituen eremua; atletismo pista bat; 460 metro koadroko berdegune bat; errokodromo bat; bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat; pin-pon mahai bat eta skate eremua. Araneder berritzeak 130.000 euro pasatxoko aurrekontua izango luke.