Gipuzkoako Foru Aldundiaren datorren urteko aurrekontuan ez direla sartuko jakinarazi du Donibaneko Bonantza Auzo Elkarteak
Donibaneko errepide bitarteko sarbidea, eta barrutiaren eta Lezoren arteko bidegorria Gipuzkoako Foru Aldundiaren datorren urteko aurrekontuan ez direla sartuko jakinarazi du Donibaneko Bonantza Auzo Elkarteak. Aldundiko Mugikortasun Saileko ordezkariekin bildu ziren, eta hala iragarri zietela adierazi dute.
Egoera “negargarritzat” jo du Bonantza Auzo Elkarteak, eta proiektuak “lehentasuna” zuela adierazi zieten arren, irtenbidea atzeratu egin dela salatu dute. Gainera, Oarsoaldeko —”eta bereziki Pasaiako”— bizilagunek “hitz polit eta promesa asko” entzun behar izan dituztela adierazi dute, “estutzen gaituzten arazo larriei irtenbiderik eman gabe”.
Gogorarazi dute Lezon eta Pasaian ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek bat egin zutela sarbide duinaren eta bidegorriaren alde zeuden norbanako eta elkarteek osatutako plataformarekin. Lezo eta Donibane lotzen dituen oinezko eta bizikletentzako bide bakarrak “ez ditu betetzen irisgarritasun eta segurtasun baldintzak”, zehaztu dute, eta bat egin zutela errepidea konpontzeko eskumena duen erakundeari eskaera egiterakoan.
“Markel Olano egungo ahaldun nagusiak —orduan oposizioan zegoen— 2014an iragarri zuen batzar nagusietan proposamen bat aurkeztuko zuela, pasaitarrontzat lehentasuna zuten proiektu batzuk aurrera eramateko”, azaldu dute. Orduko konpromisoa berriro hartzeko eskatu diote Olanori. “Administrazioaren borondatea baino ez da behar premiazkoa den lana egiten hasteko”, gaineratu dute. 2017ko aurrekontuetan egongo dela ziurtatu zietela esan dute, eta konpromiso hori bete dadin, “adi eta erne” egongo direla ohartarazi du Bonantzak.