Adinekoek lapurretak ekidin ditzaten gomendioak eman ditu udalak
Trintxerpen gertatzen dira lapurreta gehienak, 'besarkadaren teknika'-ren bidez
Pasaiako Udalak gomendioak eman ditu adineko pertsonek lapurretarik pairatu ez dezaten. Udalak adierazi duenez, azken aldian ugaritzen ari dira lapurretak udalerrian, “besarkadaren teknika” erabiliz. Lapurretak egon diren “ohiko tokiak” Trintxerpeko Azkuene eta Andonaegi kaleak zein Gudarien Plaza izan dira.
Emakume batek eta gizon batek egiten dituzte lapurretak, udalaren arabera. Emakumea balizko biktimari hurbiltzen zaio, ezagutuko balu bezala, eta gizonak autoan itxaroten dio. Objektu baliotsu bat lapurtzen saiatzen dira. Datozen egunetan, barrutietako kaleak jendez lepo egongo direlako, arreta handiagoa jartzeko eskatu diete pasaitarrei, batez ere adinekoei. Gainean diru gutxi eramatea eta bitxiak ezkutuan gordetzea dira gomendioak. “Zerbait ikusiz gero edo susmorik izanez gero” Ertzaintzari eta Udaltzaingoari deitzeko eskatu dute.