Erregeetako loteriaren sari nagusiaren ia erdia Antxon saldu da aurten; ospakizunak luze jo zuen atzo

Erregeetako loteriaren sari nagusia Antxon saldu dute, eta Laket tabernak banatu du gehien
Oarso kaleko administrazioan, Patxi estankoa izandakoan saldu dute aurten pasaitar askok nekez ahaztuko duten zenbakia. Erregeetako loteriaren sari nagusiaren ia erdia Antxon egokitu da, eta antxotar askok dute saritutako zenbakiaren dezimoa, zorioneko 22. 6574a.
Guztira, sari nagusiaren 20 serie saldu dira Antxon, 40. milioi euro. 36 milioi euro administrazioan bertan saldu dituzte, Oarso kaleko 3.nean. Altzako Arri Zar tabernak 95 dezimo banatu ditu eta gainontzeko guztiak Antxoko Laket Tabernak saldu ditu; 5 serie, hau da, 50 dezimo edo gauza bera dena, 10 milioi euro.
Festak kalean
3. administrazioaren inguruan goizean hasi ziren ospakizunak. Bertako jabe Itziar Maritxalarrek pozez gainezka hartu zituen hedabideak, bezeroekin saria ospatu bitartean.
Festa, nola, ez, Laket tabernaraino iritsi zen berehala. Bertan erosi dute antxotar askok saritutako zenbakia, eta horietatik asko han bildu ziren ospatzera, taberna gobernatzen duen familiarekin bat.
Laket tabernako Ramon Oliber, hunkituta ageri zen, familia eta lagunez inguratuta. “Ezin dut oraindik sinistu hau gertatu denik”, zioen egoerarekin erabat gaindituta. Oliberrek bi dezimo gordeta zituen beretzat, eta saria “herriko jende langileari, eta lagunei” banatu dielako poza agertu zuen. “Beren dirua hemen uzten duten bezeroak dira guztiak, hona bazkaltzera edo tragoa hartzera datozenak”, zioen pozez.
Saritutako zenbakia koadrilako erosi dutenak ere badira, eta horien kasuak sariak hain potoloak ez diren arren, ederki ospatu zuten. Festa giroa iluntzera arte luzatu zen.