Oiartzunek aurrekontu "orekatuak" onartu ditu
Abenduaren 23ko udalbatzarrean onartu zituzten aurrekontuak
Udalaren aurrekontua ia %9 igo da iaztik, eta udal gobernuaren arabera, igoera horrek zenbait arlo indartzeko baliabideak jartzea erraztu du.
Udal gobernu taldeak defendatu duenez, “aurrekontu orekatuak eta herriaren beharrak erantzutera bideratutakoak” izango dira aurtengoak, eta nabarmendu dutenez, herri programa kontuan hartuta osatutakoak.
Azaldu dutenez, gizarte-ongizatea mantentzea, eta kultura, hezkuntza eta kirol eragileak laguntzea izan da apustua, azken bi legegintzalditako ildoari jarraituta.
Bi milioi inbertsioetarako
Udalak aurten inbertsioetarako bi milioi izango dituela aurreratu dute, eta horietatik gehienak udal eraikinen mantenuan gastatuko dituztela zehaztu dute, Egiar-enean, Arizmendienean, Madalensoro pilotalekuan eta Elorsoron.
Horrez gain, auzoetara bideratutako partida indartu dutela jakinarazi dute. Aurten, 200.000 euro bideratuko dituzte auzoen beharretara (iaz baino 40.000 euro gehiago).
