Bizarain Ikastolak, Cristobal Gamon eta Koldo Mitxelena ikastetxeek osatzen dute eskaintza publikoa, eta hiruren artean 162 plaza eskainiko dituzte.
Osoro, Lopez Etxezarreta, Ugalde eta Etxebeste gaurko agerraldian
Kalitatezkoa, euskaltzalea, plurala. Halakoa dela Errenteria-Oreretako ikastetxe publikoen hezkuntza eskaintza esan dute gaur goizean Bizarain Ikastola, Cristobal Gamon eta Koldo Mitxelena ikastetxeetako zuzendariek eta Garazi Lopez Etxezarreta Hezkuntza zinegotziak aurrematrikulazio kanpainaren harira egin duten agerraldian. Hilaren 25ean zabalduko dute kanpaina eta otsailaren 5a arte izango dute gurasoek seme-alabak matrikulatzeko aukera.
162 plaza hiru ikastetxeetan
Aurten 2 eta 3 urte beteko dituzten haurren gurasoei, hau da 2013an eta 2014an jaiotakoei, gutuna bidali die udalak eskola publikoaren aldeko hautua egin dezaten. Guztira 655 gutun helarazi ditu beste hainbetse etxebizitzetara.
Bizarain Ikastolak,
Cristobal Gamon eta
Koldo Mitxelena ikastetxeek osatzen dute eskaintza publikoa, eta hiruren artean 162 plaza eskainiko dituzte. Ikastetxe bakoitzak 2 urteko hiru gela dituela zehaztu dute, eta horietako bakoitzean 18 haur izango dira.
Ate irekien jardunaldiak
Kalitatezko hezkuntza eskaintzeko irakaslego oso trebatua dagoela hiru ikastetxeetan esan du Belen Ugalde Bizarain Ikastolako zuzendariak, “metodologian oso trebatutako eta aktiboa den irakaslegoa dugu. Aurrerakoia da oso eskola publikoa. Kalitatezkoa da gure eskaintza eta ekonomikoa, garai hauetan garrantzitsua da bigarren hori ere”.
Ikastetxeak bertatik bertara ezagutzea oso garrantzitsua dela esan du Hezkuntza zinegotziak halaber, eta horren harira, hiru ikastetxeetan egiten ari diren ate rekien jardunaldietan parte hartzera deitu dituzte seme-alabak eskolaratu behar dituzten gurasoak. Bizarainen, datorren astean egingo dituzte jardunaldi horiek, hilaren 25ean hasi eta 28a bitartean 17:00etatik 19:00etara.
Koldo Mitxelenan atzo hasi ziren jardunaldiekin eta bihar eta hilaren 25ean Markola eta Olibeteko egoitzak bisitatzeko aukera izango dute interesdunek 16:45etik aurrera. Biteriko eraikinean berriz, hilaren 26an eta 29an egingo dituzte ate irekien jardunaldiak 16:45ean hasita. Cristobal Gamon ikastetxeak ere hasiak ditu jardunaldiak eta bihar izango da eraikina ikusteko azken eguna, 16:30etik aurrera.
Andoni Osoro Cristobal Gamon ikastetxeko zuzendariak ikastetxe guztiak ezagutzeko aukera balia dezaten eskatu die gurasoei, “garrantzitsua da eraikina ezagutzea, seme-alabak non izango diren ikusteko eta bertan lanean dauden profesionalak, zein egiten dugun eskaintzaren berri izateko”. Koldo Mitxelenako zuzendari da Amaia Etxebeste, eta eraikina ezagutzearekin batera, ate irekien jardunaldiak gurasoek izan ditzaketen zalantzak argitzeko ere balio dutela ekarri du gogora, “zuzenean nahi dutena galdetzeko aukera izango dute gure hezkuntza eskaintzaz, ikastetxeaz, metodologiaz… “.
Une honetan 736 haur ari dira Bizarain Ikastolan Haur Hezkuntzan eta Leheen Hezkuntzan, 560 Cristobal Gamonen, eta 589 Koldo Mitxelenan.