Elkartasun helburua duen 100 kilometroko mendiko proba egingo dute Ogi Berri Azkuene Triatloi taldeko emakumeek ekainaren 11n
Orain arte talde bezala aurrean izan duen erronkarik handienari aurre egingo dio Ogi Berri Azkuene Triatloi Talde pasaitarrak ekainaren 11n: mendiko lasterketa batean parte hartzea da asmoa, 100 kilometrokoa eta taldekakoa, Madrileko Guadarramako mendilerroan. Elkartasun lasterketa bat da, Oxfam Intermón Trailwalker izenekoa.
Lasterketan bilduko den diru guztia Oxfam Intermón gobernuz kanpoko erakundearentzat da, munduko 50 herrialdetan hainbat kooperazio jarduera aurrera ateratzeko. Traiatoilariek jakinarazi dutenez ura izango da lagunduko diren proiektu gehienen ardatza: “edateko ura ez duten tokietara hori eramateko jarduerak egitea”.
Ogi berri Azkuene Triatloi Taldeko lau kidek egingo dute proba. Nabarmentzekoa da ez dela errelebozko proba: lauek egingo dituzte 100 kilometroak, taldean, hasieratik bukaerara. Lau partaideek bi laguntzaile izango dituzte bidean zehar, eta guztia, partaideak zein laguntzaileak emakumeak dira. Ana Cruzek, Edurne Jauregik, Eli del Pozok, eta Inma Cruzek korri egingo dute, eta Josune Cruz eta Gema Cruz izango dira laguntzaileak.
Dirua biltzeko kanpaina
Proban parte hartu ahal izateko 1.500 euro lortu behar ditu taldeak, triatoilari pasaitarrek zehaztu dutenez, “enpresek edo bestelakoek emandako donazioetan”. Aurreratu dutenez, jada 52 taldek eman dute izena erronkan parte hartzeko, eta denek ala denek lortu behar dituzte 1.500 euro horiek lasterketan egoteko.
Horregatik, diru ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu du talde pasaitarrak. Oraingoz bi bide zabaldu dituzte dirua biltzen hasteko, eta datozen asteetan, helburu berarekin ekintza gehiago egingo dituztela aurreratu dute, “irekiak, herritarrek ekarpenak egin ditzaten”.
Bien bitartean diru ekarpenak egin nahi izanez gero, hauek dira bideak:
Oraingoz, herritarrek egindako ekarpenei esker 400 euro pasatxo bildu dituztela jakinarazi dute, eta “pasaitarrak eta nahi duen oro animatu nahi” izan dute “hondar alea gehitu diezaion” beren elkartasun erronkari.