Sexu erasorik ez dutela onartuko ozen esango dute gaur
Oarsoaldeko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Niessenen.
Elkarretaratzea deitu du gaur 19:00etan Niessenen Oarsoaldeko Mugimendu feministak joan den astean emakume batek Errenteria-Oreretan jasan zuen erasoa salatzeko eta elkartasuna adierazteko. Azken erasoa salatzeko eta sexu erasorik ez dutela onartuko ozen esateko Niessen betetzera deitu du mugimendu feministak. Bat egin dute deialdi horrekin gainera Errenteria, Oiartzun, Lezo eta Pasaiako udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen Mahaiak, eta herritar guztiak deitu dituzte elkarretaratzearekin bat egitera.
Errenteriako Udalak adierazpen instituzionala egin zuen sexu erasoa gaitzezteko, eta Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek, zein Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen Mahaiak prentsa oharra egin zuten eraso bera salatzeko eta eraso duten emakumeari elkartasuna eta babesa adierazteko.
