Zinegotziek asistentziagatik kobratzea erabaki dute gehienbat gai ekonomikoak jorratu dituen udalbatzarrean. Proposamen guztiak aho batez onartu dituzte.

Eneritz Arbelaitzek (argazkian, bigarrena ezkerretik) San Markos Mankomunitatearen aurrekontuen kontra bozkatu dutela jakinarazi zuen
Aho batez. Hala onartu zituzten atzo egin zuten atzoko plenoan bozketa behar zuten proposamen guztiak. Urtarrileko ohiko udalbatzarra izan zen atzokoa, eta hamabi puntuko gai zerrendan gehienak gai ekonomikoak izan ziren.
Hala, udal talde politikoen zein zinegotziek hilero jasotzen dituzten ordainsarien berrantolaketa egin zuen Oiartzungo Udalbatzak. Horrela, hilabetero jasotako ordainsari finkoa kendu, eta asistentziaren araberako irizpideekin araututako banaketa berri bat onartu zuten.
Udalak Haurtzaro Ikastolarekin duen 2014 eta 2017 urteen arteko hitzarmena izan zuten hizpide beste puntu batean. Horrela, mantenurako 480.000 euro pasatxo bideratuko dituzte 2016an. Hurrengo puntuan ere hezkuntzari bideratu beharreko diru partidak jorratu zituzten. Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoari 700.000 euro bideratzea adostu zuten EH Bildu zein EAJk.
Udalerriko museoetako biri —Luberriri eta Soinueneari— ekarpenak egitea ere onartu zuten. Gainera, Oiartzungo kirol instalazioak kudeatzen dituen OKISA elkarte publikoari diru laguntza emateko proposamena ere aztertu zuten. Izan ere, OKISAk ordaindu behar duen BEZari aurre egiteko partida —kopuru guztiaren %75, zehazki— aurreratzea erabaki dute, aurrerago ordainketa arazorik ez edukitzeko. Dena den, aurtengo aurrekontuan sartuta zegoen 488.000 euroko partida. LAN-3 eremuari buruzko hitzarmen urbanistikoa ere onartu zuten, behin-betiko, helegiterik jaso ez delako.
Auzian, kasaziora joan gabe
San Markos Mankomunitatearekin izandako auziari buruz ere hitz egin zuten. Epaiak Oiartzungo Udalaren alde egin zuen, eta ondorioz, bertan behera geratu ziren mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak. Jasotako zerbitzuen arabera ordaintzeko eskatzen zuen udalak, eta mankomunitateak zor dion dirua itzultzeko kalkulua egin zuen. Epaiak, baina, ez du kopuru horrekin bat egiten, eta Espainiako Auzitegi Gorenean erabaki horri kasazioa jartzeari uko egin zioten atzoko plenoan, “ibilbide handirik ez diogulako ikusten”, Jexux Leonet alkatearen arabera.
Eneritz Arbelaitz alkateordeak zehaztu zuenez, San Markos Mankomunitearen aurtengo aurrekontuei kontrako botoa eman diote, “gure interesen alde”. Izan ere, Oiartzungo Udalari, berriro, ez liokete jasotako zerbitzuen arabera kobratuko.