Metodologia digital berriak ezagutzea zein ikasleek digitalean egiten duten lanaren jarraipena egitea izan da formazio saioaren helburua.
DBH 1, 2 eta 3ko gurasoek azken bi asteetan jaso dute ikastaroa
DBHko lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleen gurasoekin prestakuntza ikastaroa egin du Hautzaro Ikastolak, azken bi asteetan. Guraso Eskola egitearen arrazoiak bi izan ziren: Eki digitalaren lan egiteko modua ezagutzea, batetik; eta bestetik, ikasle bakoitzak digitalean egiten duen lanaren jarraipena nola egin aztertzea.
Pili Lizaso Aizpurua DBHko ikasketa buruaren arabera, “gizartea eta hezkuntza asko aldatu dira denbora gutxian, eta gazteek duten bizitzeko modu berriari egokitu behar dugu”. Informazio eta ezagutzaren gizarte berriak arlo guztietara “aldaketa sakonak” ekarri dituela berretsi du Lizasok. Banaka zehaztu ditu: “Nola eskuratu eta partekatzen dugun informazioa, nola egiten dugun lan, nola definitzen ditugun elkarlanerako harremanak, nola komunikatzen eta nola erlazionatzen garen norbanakoen artean edota gure erakundeekin”.
Azken urteetan, gai horrekin, Haurtzaro ikastolan egin dituzten guraso eskolak “arrakastatsuak” izan direla nabarmendu dute, “asistentzia aldetik zein gurasoen parte hartze dinamikoarengatik”. Horren harira, “eztabaida polita” sortu dela ziurtatu dute, eta “seme-alaben heziketaren elkarlanerako beste urrats bat gehiago” egin dutela baietsi dute.