Herrian hainbat egitasmo garatzeko da laguntza eskaera, tartean, Lezo-Donibane bidegorria.

Donibane-Lezo bidearen zati bat
Lezoko Udalak 3.824.000 euroko laguntza eskatu dio, herrian hainbat proiektu garatzeko, Tokiko Egitasmoak Garatzeko Europako Funtsari (Feder). Udalak Espainiako Ogasun ministerioari agiria bidali dio egitasmo horien finantzazioa zehazten, haiek kudeatuko dute Europan eskaera. Aurrekontu horren %50era iritsi daiteke Europaren laguntza.
Laguntza eskaeraren berri udaleko Garapen Ekonomikorako zinegotzi Jose Angel Sanchezek (PSE-EE) eman du, PSE-EEren prentsa zerbitzutik bidalitako oharraren bitartez. Hala, finantzazioa jaso dezaketen egitasmoak 2017an egiten ha daitezkeela ziurtatu du Sanchezek. Aldi berean, Sanchezek nabarmendu du herriak lehenengoz eskatu dituela gisa honetako laguntzak.
Honakoak dira egitasmo horiek, dagokion diru partidarekin:
- Lezo-Donibane bidegorria eta espaloia. 2.042.991 euro.
- Altamirako biribilgunean segurtasun neurriak hobetzeko lanak, alturako pasabide baten bitartez: 985.733 euro.
- Herriko kaleko argiteria hobetzeko: 302.925 euro.
- Lezoko ur sarea hobetzeko lanak: 471.060 euro.
- Kiroldegitik igerilekura joateko zubia hobetzeko: 211.176 euro.
Sanchezek esan duenez, lan horietako batzuk ez dira udalaren eskumenaren barrukoak, hala nola Lezo-Donibane bidegorria egin eta espaloia hobetzea, nahiz Altamirako biribilguneko lanak, “horiek aldundiari dagozkio egitea, hortaz, Europak eman dezakeenari aldundiaren ekarpena erantsi behar zaio, udalarentzat kosturik gabe. Europak laguntzak ematen ez baditu, bi kasu horien finantzazio osoa aldundiaren esku geldituko da”.