
Galeoi itxura hartu du Donibaneko erretiratuen egoitzak
Ingelesen eta piraten arteko borroka interpretatuko dute aurten Donibaneko inauterietan. Ohi bezala, erretiratuak bultzatuta ari dira jaiaren prestaketetan, baina herri osoak egin du bat proposamenarekin.
Lan mardula egiten ari dira azken asteotan. Attrezzoaren prestaketan batzuk, koreografiak fintzen besteak, jantziak josten… Gustuko tokian aldaparik ez ordea, eta ilusioz gainezka ari dira, larunbata (hilak 6) iristeko irrikaz.
Aurten, gainera, konpartsa berri bat eratu dute egunerako propio, Xajunko Piratak Konpartsa, eta haurrentzako karroza bat ere prestatu dute.
Inauteriak iristear, Donibanen kanoikaden burrunba eztanda egitear da.