Herritar eta dendarien arteko harremanak euskaraz izan daitezen bisita gidatuak antolatu dituzte.
Atari tabernara bisitan, bertako zerbitzariak euskararekin duen konpromisoa eskertzen
Pasaiako Udalaren merkataritzako lan-mahaiak, Pasai Donibaneko jubilatuen elkarte eta merkatariekin elkarlanean, bisita gidatuak egin dituzte pasa den astean, herritar eta dendarien arteko harremanak euskaraz izan daitezen eta, bide batez, herriko merkataritza sustatzeko.
Asteartean euskara ikasten dabilen herritar talde batek egin zuen bisita; ostegunean, berriz, euskara gehiago erabili nahi duen beste talde batek.
Ontziola taberna, Juandaburu urdaitegia, Ingrid ile-apaindegia, Garaiar harategia, Mila Goikoetxea janari-denda, Xabiker urdaitegia, Atari taberna eta Lekuona okindegia bisitatu zituzten, besteak beste.
Bisitan parte hartu zutenek lehenengo hitza euskaraz egitea eskatu zieten merkatariei, horrek ondorengo tratua euskaraz izaten jarraitzeko lagungarria delako; bestetik, pazientzia eta laguntza eskatu zieten euskara ikasten ari direnekin; eta azkenik, eskerrak eman zizkieten euskararekiko duten konpromisoagatik.
Iniziatiba hau
Ez geratu atean, sartu kalitatean euskaraz kanpainaren barrukoa da. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduak ezagutzera eman nahi dute euren burua, eta bide batez, herritarrei herriko zein dendatan egin dezaketen euskaraz erakutsi zaie.