Hiribilduko ate bat babestetik, ekintzailetza polo izatera pasako da XV. mendeko dorrea. Artisautza eta teknologia berrietako ekintzaileak bilduko dituzte.Hiribilduko ateetako bat babestetik, ekintzailetza polo izatera pasako da XV. mendeko eraikina. 30 ekintzaile bildu nahi dituzte, artisauak lehen solairuan, eta teknologia berrietakoak, bigarrenean.
Ekintzarako eraiki zuten XV. mendean, hiribilduko ekialdeko sarbidea zen Nafarroako atea babesteko. Eta ekintzarako birmoldatu dute XXI.ean. Eskualdean aztarrena uzteko prest dauden ekintzaileak nahi dituzte Errenteria-Oreretako Torrekua eraikinean, eta horien bila ari dira.
Badira ia bost urte Errenteria-Oreretako Torrekua zaharberritzeko lanak bukatu zituztela. Espainiako Sustapen Ministerioak bi milioi euro inbertitu zituen egoera txarrean zegoen dorrea konpontzeko; bi urteren buruan kanpotik txukundu zuten, baita barruko egitura berritu ere. Harez geroztik hutsa dago, baina aste gutxira aldatuko da hori. Martxoa hasieratik eskualdeko ekintzaileen bilgune eta lantoki izango da,
Errenteriako Udalak eta Oarsoaldea garapen agentziak aurkeztu duten Habian! proiektuari esker.
Ezkerretik hasita, Felix Vela, Julen Mendoza alkatea eta Jon Bengoetxea, Torrekua berrituan
Hasiera batean Jantzi Museoa bilakatu behar zen Torrekua,
Iraultza Dantza Taldeak osatutako bilduma jasotzeko. Baina duela lau urte hausnarketa zabala abiatu zuten Errenterian, epe luzeko plan estrategiko bat diseinatze aldera. Julen Mendoza alkateak azaldu duenez, “gure herria 2025 urteari begira, ziklo elektoralak gaindituta, hartu behar zuen norabidea” zehaztu zuten.
Eta hausnarketa horretan dorrearen betebeharra aldatu egin zen. “Ikusi genuen bere dimentsioengatik merezi zuela beste erabilera bat ematea”. Horrenbestez, beste eraikin historiko batek jasoko du Jantzi Museoa, Kapitain Etxeak, eta obrak hemendik gutxira bukatuko dira. XV.eko dorreari, aldiz, zeregin bikoitza ezarri dio plan estrategikoak: eskualdeko garapen sozio-ekonomikoan eragingo duten proiektu ekintzaileak bilatu, batetik, eta hirigune historikoa biziberritzen lagundu, bestetik: “Planteamendua da hemen sartzen diren ekintzaileak denbora muga batez hemen egotea, ahal bada, beste politika batzuen bitartez alde zaharreko beste toki batzuetara joatea”, erantsi du alkateak.
Desberdinak, elkarrekin
Oarsoaldea garapen agentziak 270.000 euroko inbertsioa bideratu du Torrekuara. Aldi berean 30 ekintzailetik gora jasotzeko prestatu dute eraikina, eta bi zatitan banatu dute, bi direlako dorrean martxan jarriko dituzten proiektuak. Lehen solairuan Habian! Fabrika kreaktiboa egitasmoa ezarriko da eta bertan sormenezko ofizioak lantzeko tailerra moldatu dute: ehungintza eta bitxigintza; gerora, zurgintza eta zeramika tailerra sortuko dute, dorretik gertuko gune batean. Eta goiko solairua teknologia berrientzako izango da, Habian! Teknologia Kreaktiboa proiekturako.
Fabrikarekiko berezitasun bat izango du teknologia berrien guneak. Izan ere, bertan kokatuko diren sortzaileek haien aurretik ekintzaile izandako bi errenteriar izango baitituzte aholkulari gisa: 3D inpresio teknologia garatzen duen
Tumaker enpresako Jon Bengoetxea eta
Forvo.com ahoskatze gida birtualeko sortzailea den Felix Vela. “Gure lana izango da balio duten pertsonen bila joan —kontatu du Velak—, eta erakarri Torrekuara eskualdea garatzen laguntzeko proiektuak aurrera eraman ditzaten, beste nonbaitera joan ordez proiektu horiek hemen geratu daitezen”.
«Ideia errealitate bihurtzea da gauzarik zailena, oso onak gara ideiak edukitzen, baina gauzatzea oso zaila da», Jon Bengoetxea
Lehen urratsa da Torrekua ekintzailez betetzea, proiektu interesgarriak dituzten talentuko pertsonak aurkitzea. Helburua pertsonak direla zehaztu du Velak, ez proiektuak: “Ez gara proiektu ikaragarriak bilatzen ari, talentua duen jendea bilatzen ari gara Torrekuara ekartzeko”. Eta adibide bat jarri du: “Google ez zen lehenengo bilatzailea izan, Facebook ez zen lehenengo sare soziala, ez dugu proiektu handia aurkitu nahi, balio duen jendea baizik, proiektu bat garatzen laguntzeko”.
Bengoetxearen ustez, bigarren urratsa izango da garrantzitsuena, ekintzaileei euren proiektuak garatzen laguntzea. “Identifikatu zein proiektu izan daitezkeen baliagarriak, denetarik dagoelako, eta osotasun horretatik zer da zarata eta zer seinale zehaztea. Ideia errealitate bihurtzea da gauzarik zailena, oso onak gara ideiak edukitzen eta planifikatzen, baina gauzatzea oso zaila da”.
Sinergiaren bila
Kokapen estrategikoa du Torrekuak, eta obraren ondoren beteko duen funtziorako egokia dela uste dute Habian! proiektuko bi aholkulariek. “Pertsonei euren proiektuak garatzeko aukera izan dezaten beharrezko elementuak ditu. Bakarra falta da, zure inguruan beste proiektua garatzen ari diren talentuko pertsonak inguruan izatea, denen artean sinergiak sortzeko, proiektuen bateratzeak, eta abar”, esan du Velak.
Tumaker enpresako sortzailea bat dator lankidearekin: “Eraikina hutsa dago, baina pertsonez betetzen denean, artisauak behean, teknologia berrikoak goian… guztiz eraldatuko da. Orain polita da, baina zerbait bizia izango da, dinamikoa, mugimendua sortzen denean hartuko du berezko balioa”.
Eta hori lortzen denean, aholkulari onak izaten saiatuko dira bi enpresari gazteak. Bengoetxearen ustez, euren ekintzaile eskarmentuarekin lagundu dezakete: “Aholkulari izaten saiatuko gara, laguntza bat ematen. Oso garrantzitsua da hemen ziurgabetasunaren bizikide izatea, erantzun errazak ez daude, baina bai laguntza bat, aholkularitza. Inportantea da, jendea askotan itsu egoten delako, zaila delako, garrantzitsua zer den eta beharrezkoa ez dena bereizten laguntzea”.
«Ez gara proiektu ikaragarriak bilatzen ari, talentua duen jendea bilatzen ari gara Torrekuara ekartzeko». Felix Vela
Harago joan da Forvo.com atariko asmatzailea, eta bidean ekintzaileek porrota zer den ezagutu beharko dutela baieztatu du: “Gaizki egingo dute, seguru, baina guk lagunduko diegu, guk hanka sartu izan dugulako, eta gure sorbalda eskainiko diegu, aurrera egiteko aukera izan dezaten”. Ados dago Velarekin Bengoetxea, erortzea bidearen parte bat da bere hitzetan: “Ez da existitzen partida bat galdu ez duen futbol jokalaririk, ezinezkoa da. Mundu guztiak huts egingo du, mikroan edo makroan, bizitzaren parte bat da. Hemen ez dago ondo ikusia, baina hori ez da erreala, denok sartzen dugu hanka”.
Errazena egin dute
Aste gutxi falta zaizkio Torrekuari eginbide berriari heltzeko. Mugarria izango da Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren barruan, baina Julen Mendoza alkatearen iritziz, proiektuaren zatirik errazena baino ez dute burutu: “Zailena falta da eta horren kontziente izan behar dugu. Orain arte planifikatu, pentsatu dugu, orain tokatuko zaigu honi bizitza ematea, hemendik proiektu interesanteak ateratzea, proiektu horiek eskualderako interesanteak izatea, eta hori zailena da”.
Urteak beharko dira jakiteko Oarsoaldeko ekintzailetza polo berriak arrakasta ote duen eta helburuak noraino gauzatzen diren zehazteko. Hori asmatzea zaila bada, askoz zailagoa da aurreikustea zer nolako proiektuak garatuko diren Torrekuan, murru lodien barruan sortzen diren ezusteko sinergien araberakoak izango baitira. Baina gauza bat gauza bat ziurtzat eman daiteke, martxoaren 4tik aurrera XV. mendeko dorrea okupatuko dutenek, ekintzarako gogoz sartuko direla Torrekuara, eskualdeko mugez harago marka uzteko prest.
Martxoa hasieran hasiko du bidea
Martxoaren 4an inauguratuko dute Habian! Fabrika kreaktiboa.
Oarsoaldea Garapen Agentziak jakinarazi duenez, bisita gidatuak antolatuko dituzte ekintzaileak erakartzeko xedearekin. “Behin abian jarrita, eskaerak jasotzeko epea zabalduko da eta bi hilabetekoa izatea aurreikusten dugu. Epea bukatzen den arte, bisita gidatuak edo ate irekien egunak antolatzea aurreikusten dugu, interesa dutenek espazioa eta instalazioak ezagutu ditzaten. Proiektuen hautaketa prozesua egingo da eta maiatzean hasi ahal izango dutela uste dugu, sartu eta instalatu”.
Julen Mendoza alkatea, hezkuntza zentroetako arduradunekin, hitzarmena sinatzen
Inaugurazioaren zain dagoelarik, Habian! Fabrika Kreaktiboa dagoeneko hasi da fruituak ematen. Joan den ostiralean, Oarsoaldea Garapen Agentziak AEG Ikastetxearekin eta EASO Politeknikoarekin sinatutako hitzarmenarenaren aurkezpena egin zuten Errenteriako udaletxean. Bi hezkuntza zentroek, proiektuaren hasieratik hartu dute parte eta, bai garapen agentziari eta baita Errenteriako Udalari ere, laguntza garrantzitsu bat eskaini diete Habian! Fabrika Kreaktiboa martxan jartzeko.
Hitzarmenaren bitartez, garapen agentziak, tailer parte-hartzaileen garapenerako eta mantentzerako beharrezko azpiegiturak, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzeko konpromisoa hartu zuen. Bestalde, AEG Ikastetxea eta EASO Politeknikoa, aldiz, proiektuaren zabalpenean, ekintzaileen erakarpen eta hautaketan, ekintzen antolaketan eta espezializatutako aholkularitza teknikoan laguntza emateko prest azaldu ziren. “Halaber, proiektuaren lidergo eta jarraipenean parte hartuko dute, horretarako eratuko den organoan”, erantsi du Oarsoaldea Garapen Agentziak.